
Udazkena eta negua berokien urtaroak dira, zalantzarik gabe. Aurten oihalezkoak nabarmenduko dira, Goierrin gehien saltzen direnak lumadunak diren arren.
rtaro aldaketarekin batera, armairuan aldaketak egiteko garaia iritsi da. Udako jantzi freskoak datorren urterako gorde, eta tenperatura freskoagoetarako egokiagoak diren jantziei lekua egin behar zaie. Udazkenetik negurako hilabeteak, sasoi arteko denboraldia bezala ere ezaguna, arroparekin jolas egiteko garai ezin egokiagoa da. Tenperaturak laguntzen duen neurrian, uda sasoiko jantzi batzuk, udazkeneko beste batzuekin konbinatzeko aukera ematen dute oraindik hilabete hauek. Dena den, Goierriko arropa dendetako erakusleihoak udazken-neguko jantziz beteta daude dagoeneko.
Urteko garai honetan kanpoko jantziek hartzen dute, zalantzarik gabe, protagonismo handiena. Zumarragako eta Beasaingo Laskurain dendako Iciar Laskurainek dioenez, aurten «oihalezko beroki asko» dator. Lumadun berokietan ere aukera zabala izango da, «Goierrin gehien saltzen dugun neguko jantzia da». Arinak eta beroak dira, eta gaur egun «landuagoak» nabarmendu du Laskurainek: «Xehetasun gehiago dituzte eta horrek izaera handiagoa ematen diote jantziei».
Neguko egunik hotzenak iritsi bitartean, ordea, gabardinak dira sasoi arteko denboraldi honetarako jantzirik aproposenak. XXL moldekoak nagusituko dira aurten, gero eta handiagoak, orduan eta hobe. Larruzko jakak edo amerikanak ere aproposak dira gero eta freskoagoak diren goiz eta gau horietarako.
ARTILEA, NEGUKO JANTZIETAN IZARRA
Artilea, urteak joan eta urteak etorri, garai honetan beti nagusitzen den materialetako bat da. Artilezko jertseak klasiko bat dira, baina aurten praketan, soinekoetan edo txalekoetan ere ikusiko dugu. Jertseei dagokienean, «molde sinplekoak izango dira, baina kalitate handiko artileekin egindakoak».
Aldaketarik nabarmenena prakei dagokionean emango dela dio Laskurainek. Molde guztietako prakak izango dira aukeran: hanka zabalekoak, zuzenak, slouchy eta mom fit itxurakoak… Sport tankerako galtzek ere indarrean jarraituko dute: «Etxe guztiek dute estilo horretako modeloren bat edo beste beren bildumetan».
Aukera zabala da, baina Laskurainen iritziz kontutan hartu behar da modelo guztiak ez direla gorputz guztietara berdin egokitzen. Oso garrantzitsua da bakoitzari ondoen ematen dion galtza mota aukeratzea. «Niretzat galtza jantzirik zailena da. Gorputz bakoitzak bere moldea du eta hutsegite handia da eramaten den guztia jantzi nahi izatea». Galtzez gain, midi luzerako soinekoak eta gonak eta osoko jantziak ere izango dira aukeren artean.
Udako proposamenekin alderatuta, udazken-neguan nagusituko diren koloreak soilagoak eta leunagoak izango dira orokorrean. Dena den, aurten kolore biziagoek ere izango dute beren lekua gure armairuetan. «Kolore argiak beixak, zuriak… ikusiko ditugu berokietan, baina ohiko koloreak izango dira nagusi, beltzak, okreak, teilak, kakiak…». Kolore biziagoen artean laranjak eta berdeak nabarmenduko dira, neguko egun ilunei kolorea emateko ezinbestekoak izango dira. Laskurainek gure armairuetan koloredun jantziak edukitzera ohitu behar garela uste du, «beltzak ezinbesteko kolorea izaten jarraituko du, baina kolore hau neurrian erabiltzen jakin behar da», esan du. Harago ere joan da, Goierrin beltza gehiegi erabiltzen dela uste baitu: «Kostaldean, adibidez, ez da horrenbeste abusatzen» gehitu du.
Estanpatuen artean ez dira animal print-a, koadroak, vichy-a, tweed-a edo tye-die-a faltako. Estanpatu ezberdinen arteko konbinazioek ere bogan jarraituko dute. Aukeratutako estanpatuaren arabera look klasikoagoak, edo ausartagoak lor ditzakegu.
Jantzi batean inbertitzerako orduan kalitateari erreparatu behar zaiola uste du Laskurainek, «jantzi bat nola eginda dagoen jakitea oso garrantzitsua» dela dio. Kalitate baxuagoko jantziek gutxiago irauten dute, eta «bigarren garbialdian josturak okertu eta jatorrizko egitura galdu dezakete».