Indiar Ozeanoan dagoen Maurizio Uharteetarako ospitale modular bat eraikitzeko lankidetza proiektu batean murgilduta da Goierri Valley elkartea Bartzelonako Start-Up batekin eta industrializazio sistemetan aditua den arkitekto talde batekin.
Lehiakortasuna ezagutza partekatuaren bidez. Horixe da Goierri Valley elkarteak eta haren bazkide batzuk esku artean duten proiektua izendatzeko erabil daitekeen definizioa. Sistema modular propioa duen Bartzelonako Aykos Healthcaren SL Start-Up-arekin eta industrializazio sistemetan aditua den Donostiako arkitekto talde batekin –Jorge Cuevas Arquitectos Consultores Asociados SL– lankidetza hitzarmen bat garatu du Goierri Valleyk Maurizio Uharteetan (Afrika, Indiar Ozeanoa) ospitale modular bat eraikitzeko. Zeharkako lankidetzaren adibidetzat jo dute egitasmoa alde guztiek.
Goierri Valley-ren ustez, elkartearen helburuak «guztiz» bete ditu proiektuak, eta marka nazioartean posizionatzea ere lortu dute
Enpresa txiki eta ertainen (ETE), Start-Upen eta industria taldeen arteko lankidetza hauen bidez industria tradiziolanaren baliabideak eta esperientziak uztartzen dira ikuspegi aurreratua eta berritzailea duten profesionalekin eta egitura industrialik gabeko ETEekin, beti ere Start-upek eskain dezaketen ikuspegi zabala eta etengabeko berrikuntza aintzat hartuz.
Muntatze lana Zumarragan
Proiektuak konplexutasun handiko kirurgia eremu berri bati irtenbidea emango dio. ISO 5 ebakuntza-gela bat, ISO 8 endoskopia gela bat, eta ebakuntza aurreko edo ondorengo eremu bat eraiki dituzte off-site eraikuntza sistema modularrarekin. Baldintza logistikoak eta hitzartutako egutegia zela eta, ekoizpena deslokalizatu egin behar izan zuten (Euskal Autonomia Erkidegoa), logistikaren kudeaketa milimetriko bat eginez kokalekuraino, eta tokiko muntatzearen (On-site) barne-kontrol batekin.
Goierri Valley elkartearen babesa garrantzitsua izan da proiektua gauzatzeko, Iruko Berri eta Aizkorpe taldeko enpresekin zuzeneko lankidetza izan baita. «Enpresa horiek, beste batzuekin batera, proiektua ezarritako kalitate eta epeetan gauzatzea ahalbidetu dute, proiektu hori Maurizio Uhartearen 4.0 eraikuntzaren aintzindari bihurtuz». Proiektuaren abiaduraz gain –24 aste sinadura egunetik entrega egunera arte–, kirurgia eremu hori birkokatu egingo dutela etorkizunean, eta hiru urte barru eraikiko den ospitale berri batean sartuko dutela. «Lehiatzeko abantaila horrek inbertsioaren ROI (Return of Investment) bikoitza ahalbidetzen du. Inoiz ikusi gabea da hori eraikuntzaren sektorean». Inbertsioaren itzulkina lortutako irabaziaren eta negozio baten inbertsioaren arteko erlazio neurtzen duen adierazlea da ROI.
Irail bukaeran Goierri Valley ezagutzera inguratu ziren proiektuaren sustatzaileak, eta elkarteko bazkideak Arcelor-Mittalen Zumarragako instalazioetan izan ziren muntatze lanak bertatik bertara ikusten. Moduluak azaroaren 22rako Maurizio Uhartean egotea espero da, eta bost enpresatako ordezkarik bidaiatuko dute hara azken muntatze lanak egiteko.
Lankidetzan dago indarra
Goierri Valley-ren iritziz, proiektu honek elkartearen helburuak «guztiz» bete ditu. Jorge Cuevas arkitekto taldea izan zen elkartearekin harremanetan jarri zena «gure balio katearen ezagutzaz balitzeko», eta horrek lan berria ekarri die elkarteko kide diren enpresei: «Enpresen arteko elkarlana, sektore dibertsifikazioa eta nazioartekotzea uztartzen ditu proiektu honek, eta Goierri Valley marka nazioartean posizionatzea. Hori ere bada gure helburua».
Beasaingo Gudugarreta auzoan egoitza duen Iruko Berriko kudeatzaile Andoni Sanchezen ustez, proiektu honetan Goierri Valleyrekin lortu duten lotura «funtsezkoa» izan da enpresen arteko lankidetzarako. «Jorge Cuevas arkitektoa taldeak lan gehiago ekartzea da behar dugun gauza bakarra». Egitura metalikoak, leihoak, eta fatxada eta teilatua panelez forratzea izan dira proiektu honetan egin dutena, eta ondoren, Maurizio Uharteetan muntatze lanak egitea. Iruko Berrik izaera hainbateko «proiektu konplexuak» garatzen ditu urtero EN 1090 araudiarekin: Anoetako futbol zelaia, AP-1eko zubibidea Astigarragan eta xafla-kortenezko zubia Villabonan, besteak beste.
Goierriko NBFn egoitza duen Aizkorpe enpresak instalazio elektrikoak, telekomunikazioak eta erizainen dei-instalazioak egin ditu proiektu honetarako. «Erronka handia izan da, epe oso motzean egin beharreko lana izan baita. Instalazioa egin eta zatika eramateko prest egon behar zen, eta hori egitea ez da erraza elektrizitate eta telekomunikazio instalazioetan», zehaztu du Iker Maya koordinatzaileak. ETEentzat lankidetza berriak lortzeko eredu bat izan da proiektu hau. «Kasu honetan, gainera, gure lan kalitatea baloratua izan dela sentitu dugu. Harro gaude azken emaitzaren parte izateaz», nabarmendu du.