Julen Arakama • Butak21 zinekluba
Aurten 35 urte bete dituen film hau berriro ikusgai dago Filmin plataforman, eta baita azaroaren 4an ere, 20:00etan, Tolosako Leidor aretoan. 1985. urtean, Sobiet Batasunak II. Mundu Gerran lortutako garaipenaren 40. urteurrena oroitu eta omentzeko, Elem Klimov zuzendariari film hau egiteko enkargua eman zioten agintariek. Benetako gertaeretan oinarritu zen Klimov, Bielorrusiako 6.000 herri eta herrixketan, eta zehazki Khatyn izeneko herrian gertatutakoetan. Herrixka haiek sarraski latz eta krudelak jasan zituzten SS tropa nazien eskutik, 1943an. Bortxaketa eta torturekin hasi eta herriari su ematen amaitzen zituzten erasoak, bizirik eutsi zutenak elizetan itxi eta bertan bizirik errez.
Pentsa zitekeen, agintarien enkargua izaki, film epiko eta propagandistiko bat, komunismoaren gorazarre hutsal bat izatea, baina Klimovek benetako maisulana erditu zuen, inoiz egin den film antibeliko aipagarrienetakoa. Florya nerabeari lotuko gaitu Klimovek; 14 urte dituela erresistentzia batailoi batean sartuko da. Bata bestearen atzetik jasan eta ikusiko dituen gertaera mingarri eta traumatikoek, psikologikoki apurtu eta arima hustuko diote Floryari, eta gu testigu, oso zuzenki begiratzen digulako filmak. Aipagarria erabilitako enkuadre estua eta horren eragina, gauza asko geratzen baitira koadrotik kanpo, gertaera asko ez ditugu ikusten, baina soinuari esker, batez ere, erabat murgilduaraziko gaitu filmak.