Bertsolaritza den ondare multzoaren barruan, badira aldatu diren kontzeptuak. Poto egitearena, bat. Errima edo oin berdina, bertso berean eta esanahi berdinarekin behin baino gehiagotan erabiltzeari esaten zaio, gaur egun, poto egitea. Baina ez da beti hala izan. Izatez, bere horretan ez zitzaion hainbesteko garrantzirik –eta zigorrik– ematen.
Poto egitea, berez, ezinagatik bukatu ezinda geratzea da. ‘Poto egin’ edo ‘pot egin’. Harrijasotzailea, harria bizkarreraino jaso ezinik geratzen denean; edo lan bat erdibidean uztea. Bertsotan, berriz, kantuan hasi, eta amaieraraino iritsi ezinik, isilik geratzeari esaten zitzaion lehen poto egitea. Serapio Mujikak, hala ere, errima errepikapenaren adieran ere jasota dauka, 1921ean jada.
Duela 50-60 urteko kontua
Bertsolaritzaren gordailu bizi den Euxebio Igartzabal bertsolariak (Gabiria, 1944) ezagutu zuen poto egitearen aurreko esanahiaren garaia. «Gu akordatzen garela, 1960ko urteetan, poto egitea zen pott eginda geratzea, isilik geratzea. Eta orain esaten zaio errima errepikatzeari».
Bertsoaren beste alderdi batzuri balio handiagoa ematen zitzaien orduan: esanahia, esateko modua, esan-indarra, zentzua, arrazoia… Hala, epaileentzat ere ez zen zigortzeko edo puntuak kentzeko motibo. Igartzabalek oroitu du, epaile ibiltzen zen Inozentzio Olea legazpiarrari galdetu, eta hark erantzuna: «Potoari [errima errepikatzeari] zer balore ematen diok?». «Nik hau ematen diot: 0» (bi hatzekin borobila osatuz).
Juan Mari Lekuona izan zen, Igartzabalen esanetan, errima errepikaren kontua baloratzen hasi zenetako bat. «Hark egundoko garrantzia ematen zion: ‘Horrek poto egin du’. Eta egiten zuenari puntuak kentzen zizkioten, jendeak hori gogoan hartzen zuela eta».
Benetako adibide bat
Potoaren bi ikuspegiak dituen benetako pasarte batekin ilustratzen du Igartzabalek auzia. Orain 80 urte baino gehiago, bertsotan egiteko ohitura handia zeukan kuadrilla bat, tabernan. Ia denak moldatzen omen ziren, bat izan ezik. Hura xaxatze aldera, desafioa bota zioten elkarri: bertsotan txandaka hasi, eta isiltzen zenak –poto egiten zuenak–, erronda ordaindu behar.
Iritsi da ustez bertsotarako makalena zenaren txanda, eta hitzetik hortzera bota zuen: ‘Ametzak ez du hostoa / haritzak bezelakoa, / nik ezin kanta bertsoa / hauek bezelakoa’. Igartzabalen azalpena: «Lehenago hori ez zen potoa. Bi aldiz berdina esan zuen, ez zituen lege denak bete, neurriak ere hala moduz. Baina okurrentzia? Bertso borobila bota zuen». Potorik egin gabe, pot egin gabe, eta poltsikoa hustu beharrik gabe.