Izar Foroni Ruiz de Larrinagak (Zerain, 1999) moda diseinuko gradua ikasi zuen Bartzelonako ESDAP Llotja-n. Bere ibilbide profesionalean aurrerapausuak emateko asmoz, NUI proiektua jarri du martxan, ikusmen urritasuna duten haurrentzako sortutako arropa bilduma, Moi Kidz marka islandiarrarentzat.
Zer da NUI?
Haurrentzako arropa sorta bat da, diseinu unibertsalaren ezaugarripean ikusmen urritasuna duten haurren beharrak kontuan hartzen dituena. Honela, sortutako piezak ikusmenetik harago ulertu, erabili eta gozatu daitezke.
Nondik dator bere izena?
Nola Ukitu Ilargia? izena duen haurrentzako ipuin batetik dator. Kolekzioa bera ipuineko protagonista diren animalietan oinarritzen da. Elementu bisualetara ordez, pieza bakoitza irudizko elementuetara lotzen da, honela haurrek ulertzeko espazio gehiago izan dezaten.
Zer dela eta erabaki zenuen ikusmen urritasuna duten haurrentzako arropa egitea?
Hasieran koloreei buruz ikertzen hasi nintzen, hala segituan ulertu nuen koloreak antzemateko zailtasunak izateak arropa ulertzeko modua asko aldatzen zuela; ideiak eta pertsonen beharrak lotuz ikusmen urritasuna duten pertsonengana heldu nintzen. Segituan ulertu nuen arroparekin duten erlazioa oso ezberdina dela, eta gaur egungo moda eskaintzak ez dituela euren beharrak asetzen.
Zein berezitasun dute arropa hauek?
Sortutako jantziak beste edozein piezen modukoak dira, ikusmen urritasuna duten haurrek zein ez dutenek berdin goza ditzakete. Pieza hauek bisualki jasotzen dugun informazioa beste zentzumen batzuen bidez ere transmititzen saiatzen dira: koloreak testuekin lotuz, irudiak erliebe edo bordatuekin eginez… Orokorrean ikus daitekeen guztia ukitu ere egin daiteke. Bestalde, erabilera errazteko balio duten hainbat elementu ditu: ohiko botoien beharrean iman bidez ixten direnak, jantzien aurrealdea eta atzealdea ezberdintzeko balio duten elementuak…
Zein zailtasun suposatu dizkizu ikusmen urritasunik ez duen pertsona bezala, ikusmen urritasuna duten haurrentzako arropa egiteak?
Orokorrean zailtasun handiena pertsona horiek bizi duten egunerokoa ulertzea izan zen, euren errealitatea ezagutzea. Pertsonalki eta inguruan inor ezagutzen ez nuenez, nirekin parte hartzeko prest zeuden familiak bilatu nituen. Hori izan zen zailena, baina Bilboko IBT-aren bidez lortu nuen azkenean.