Ana Alustiza Zabaletak (Legazpi, 1964) albaitaritza ikasi zuen Zaragozan. Duela 32 urte, Nekotz albaitaritza klinika ireki zuen Zumarragan. Ordutik ehunka txakur eta katu pasa dira bertatik. Geroz eta txakur gehiago daudela eta txakur bat hartu aurretik oso ondo pentsatu behar dela adierazi du.
Oso argi al zenuen albaitaritza ikasi nahi zenuela?
Ez. Etxean txakurra genuen eta albaitaritza ikastea erabaki nuen, baina ez zen umetatik argi nuen zerbait. Hori bai, umetan txakur bat nahi nuen eta ez nuen etsi lortu nuen arte. Arratoi txakur bat zen. Santa Marinako baserritar batek eman zigun. Jai zuen izena. Ni arduratzen nintzen txakurraz. Beti pentsatu izan dut, txakurrik izan ez banu, ez nuela albaitaritza ikasiko.
Nondik nora ibili zara lanean?
Praktikak Donostiako klinika batean egin nituen eta ondoren Beasaingo klinika batean lan egin nuen. 1989an Nekotz ireki nuen.
Zure ametsa al zen? Zergatik Zumarragan?
Nire ametsa zen, bai. Zergatik Zumarragan? Urretxu eta Zumarragako jendeak ez du Legazpira erosketak egitera joateko ohiturarik, gehiago dira Legazpitik Urretxu-Zumarragara erosketak egitera etortzen direnak. Legazpin ez nuela nahikoa lan izango uste nuen.
Zumarraga eta Urretxuko lehen albaitaritza klinika izan al zen?
Bai. Hasi eta gutxira baserrietan lan egiten zuen albaitaria etorri zitzaidan, bezero baten txakurrarekin arazoak zituela esanez. Klinika ireki aurretik ondo pentsatu al nuen galdetu zidan. Hemengo txakurrak berak txertatzen zituen eta txakur gutxi zeudela iruditzen zitzaion. Ordura arte klinikarik egon ez zenez, jendeak ez zuen klinika batera joateko ohiturarik. Nire lehen txakurrari beste txakur batzuk astindu bat eman zioten eta aitak Donostiako klinika batera eraman behar izan zuen. Eta ez genuen txertatzeko ohiturarik. Amorruaren aurkako txertoa bakarrik jartzen genion.
Jendea txakurrak klinikara eramatera ohitu duzu, beraz.
Pixkanaka jendea klinikara etortzera ohitu zen. Ez zait sekula lanik falta izan. Mundu guztiak ekartzen ditu bere txakurrak: baserritarrek, ehiztariek… Ez dira kaleko txakurrak bakarrik etortzen.
Zuena lan gogorra al da?
Denek oso lan polita dela uste dute eta ez da horrenbesterako.
Zergatik?
Ordutegi aldetik, desastrea da. Guardiak egiten ditugu. Astelehenetik ostiralera beti guardia egiten dut eta asteburu batzuetan ere bai. Ohean nagoenean telefonoak jotzen badu, klinikara etorri beharra dut. Eta geroz eta txakur gehiago daude! Albaitaritza ikasten dutenentzat ez da lanik falta, baina gazte askok ez dute albaitaritza kliniketan lan egin nahi: ez dute guardiarik egin nahi, ez dute merkataritzaren ordutegia nahi… Albaitariak behar dituzten kliniketan zailtasunak dituzte aurkitzeko. Baina albaitaritza ikasi duten guztiek ezin dute aldundian lan egin. Ez dago guztientzat tokirik.
«Mundu guztiak ekartzen ditu txakurrak: ehiztariek, baserritarrek… ez dira kaleko txakurrak bakarrik etortzen Nekotzera»
«Ez zait gaizki iruditzen ikastaro bat egitea, baina nire ustez jende askok ikastarorik egin gabe hartuko ditu txakurrak»
Gazte askok ez dutela albaitaritza kliniketan lan egin nahi esan duzu. Zuk zortea izan duzu: urte asko daramatzazu Alazne Azpeitiarekin.
2002tik, uste dut. Hemengo martxa primeran ezagutzen du. Albaitaritza laguntzailea eta ile-apaintzailea da. Oso langilea da. 20:00etan larrialdi bat badugu, gelditu egiten da. Inoiz ez du esan etxera joateko ordua dela. Biok gelditzen gara erratza pasatzen.
Nolakoak izan dira 32 urte hauek? Gizartea asko aldatu da. Txakur bat etxera eramateko ikastaro bat egin beharko dela esaten ari dira.
Dena aldatu da. Lehen dena samurragoa zen. Ikastaroari dagokionez, askotan legeak eta arauak idazten dituztenek ez dute kalean gertatzen dena ondo ezagutzen. Lege edo arau batzuk ezin dira bete, edo legea edo araua badago eta ez du inork betearazten. Aspalditik debekatua dago txakurrei belarriak eta buztana moztea, eta hona belarriak eta buztana moztutako txakurrak etortzen dira. Lege berriarekin berbera gerta daiteke. Ez zait gaizki iruditzen ikastaro bat egitea edo aholkuak ematea, baina nire ustez jende askok ikastarorik egin gabe hartuko ditu txakurrak.
Geroz eta txakur gehiago dago.
Pandemiatik hona, txakur populazioa izugarri igo da. Baina klinikara etortzen den saltzaile batek igoeraren zain zeudela esan zidan, Europan igoera duela hiru bat urte hasi zela.
Zergatik ari da igotzen txakur populazioa?
Batzuk itxialdian txakurrarekin irteteko aukera ematen zutelako gertatu dela diote, baina ez da horregatik. Katu populazioa ere asko igo da. Psikologo batek esan beharko du zergatik behar ditugun txakurrak eta katuak. Bikote gazte askok txakur bat hartzen dute seme-alabak izan aurretik, seme-alabak dituztenek ere txakurrak hartzen dituzte, psikologoek txakurrak haurrentzat onak direla diote…
«Burutik jota gaudela pentsatzen dute, baina denok hitz egiten dugu txakurrarekin»
«Egun, gehienek arrazako txakurra nahi dute: border colliea eta txakur dotoreak daude modan»
Txakur bat etxean sartzeak familiari mesede egiten diola uste al duzu?
Bai. Mesede izugarria egiten dio. Nerabeei asko laguntzen die. Niri ere lagundu zidan semeak hezteko orduan. Maskotarekin duzun jarrera beti goxoa da. Maskota laztantzeak lasaitu egiten du, eta txakurrak kalera irtetera eta beste txakur jabeekin komunikatzera behartzen zaitu. Egia da ere txakurrak lana ematen duela: nahi ez duzunean ere kalera atera behar zara. Baina, nire ustez, konpentsatzen du. Lana bakarrik emango balute, ez lirateke horrenbeste txakur egongo.
Alargunei ere mesede egiten die maskota bat edukitzeak.
Izugarria. Baina txakurrarekin asmatu beharra dute. Bakarrik bizi denarentzat, txakur bat ondoan edukitzea sekulakoa da. Burutik jota gaudela pentsatzen dute, baina denok hitz egiten dugu txakurrarekin. Txakurrez ari garenean, beti emakume alargunez gogoratzen gara, baina gizonezkoek txakurrekin duten harremana ere sekulakoa da. Batzuei kosta egiten zaie onartzea, baina txakurra hiltzen denean sufritzen ari direla onartzen dute.
Zeintzuk dira modako txakurrak?
Txakurra adoptatzea modan egon zen, baina pasa zen. Egun, gehienek arrazako txakurra nahi dute. Border colliea eta txakur dotoreak daude modan. Weimaraner arrazakoa, adibidez. Oso polita da, baina izaera berezi samarrekoa. Batzuentzat lehen txakurra da eta lehen txakur bezala ez da oso egokia. Border collieari dagokionez, oso aktiboa da. Askotan atera behar zaio korrika egitera. Bakoitzak bere bizimoduaren araberako txakurra hartu behar du. Mendizalea bazara, artzain-txakur aleman bat lasai asko eduki dezakezu etxean. Ez baduzu ibiltzeko ohiturarik, kanitxe bat erosi dezakezu. Txakurrak ez dira itxuragatik bakarrik erosi behar.
Zer diozu katuei buruz?
Katu bat etxean edukitzea askoz ere samurragoa da, baina katuak ez dizu txakurrak ematen dizuna ematen. Dena den, jende asko katuzale amorratua da. Katu guztiak ez dira berdinak. Batzuk maitagarriak dira eta beste batzuk katu-katuak dira, beraiek agintzen dute. Katuak gustuko ditut, baina ez dut sekula katurik izan. Txakurrak nahiago ditut.
Animalia exotikoagorik ekarri al dizute?
Iguanak, antxumeari erradiografia egitea eskatu zidana… Bestelakoan, jendeak hamsterrak, dortokak, untxiak… ekartzen ditu. Arazoa larria bada, Donostiako animalia exotikoen klinikara bidaltzen ditut. Albaitari guztiok espezializatuta gaude. Animalia exotikoak oso bereziak dira eta nik oinarrizkoa bakarrik egin diezaieket.
Jendeak bere txakurrak ondo zaintzen al ditu?
Orokorrean, bai. Baina denetik dago. Jende askok ehiztariek beraien txakurrak gaizki tratatzen dituztela uste du, baina ez da hala. Txakur horiek txabola batean edo baserri batean bizi dira, baina gustatzen zaiena egiten dute: mendian ibili, ehizatu… Txakur batzuk apenas ateratzen dituzte etxetik eta hori ere gaizki tratatzeko modu bat da. Nik ondo tratatzen dituztenak ezagutzen ditut. Txakurra gaizki tratatzen duenak ez du klinikara ekartzen.
«Mendizalea bazara, artzain-txakur aleman bat lasai asko eduki dezakezu etxean»
«Katu batzuk maitagarriak dira, baina beste batzuk katu-katuak dira: beraiek agintzen dute»
Jende gehienak bere maskotak asko maite ditu. Bizipen hunkigarriak ezagutuko zenituen.
Bai. Ez dut bizipenak idazteko ohiturarik. Pena da. Batzuk sekulako harremana dute bere txakurrarekin. Ze gogorra den agur esan beharra! Guk baino bizitza askoz ere laburragoa dute eta hori arazo bat da. Batzuei kosta egiten zaie txakurra hil egin behar dela onartzea eta, sendatzearren, Houston-era joateko prest daude. Baina zahartzaroan gauza batzuk ez dute sendabiderik. Batzuk epeka ordaindu dute txakurraren tratamendua eta ahalegin handia egin dute dirua lortzeko, txakurra sendatzearren.
Ze afizio dituzu?
Irakurtzea asko gustatzen zait, baina oporretan bakarrik dut irakutzeko denbora. Argazkigintza, eskulanak, marraztea, jostea… ere gustuko ditut, baina ez dut astirik. Erretiroa hartzen dudanean, udalak antolatutako ikastaro guztietan parte hartuko dut.
Bi seme dituzu. Imanolek [Gartziandia] Hungariako Pick Szeged taldean jokatzen du eta Aitorrek ere eskubaloian jokatu zuen.
Legazpik eskubaloi tradizio luzea du eta nik ere eskubaloian jokatu nuen. Atezaina nintzen eta oso gustura aritu nintzen. Futbola gustatzen ez zaidanez, semeei umetan eskubaloiko baloia erosi nien eta beraiekin joaten nintzen eskubaloian jokatzera. Dagoeneko Hungarian egona naiz, noski.
Albaitarien artean, neskak nagusi
Kontrakoa pentsa daitekeen arren, albaitaritza ikasleen artean emakumezkoak dira nagusi. «Amak, albaitaritza ikasi behar nuela esan nionean, bi gauza pentsatu zituen: konortea galtzeko joera nuenez karrera osoa hankaz gora pasako nuela eta emakume bakarra izango nintzela. Baina ez zidan ezer esan». Baina bere alaba ez zen mareatu eta neskez inguratuta egon zen. «Legazpitik hiru neska joan ginen Zaragozara albaitaritza ikastera! Batxilergoa hiru toki ezberdinetan egin genuenez, ez genuen elkarren berri. Ama dezente lasaitu zen ikasgelan Legazpiko hiru neska geundela jakin zuenean. Emakume gehiago ginen gizonezkoak baino eta egun ere albaitaritza fakultateetan emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago direla uste dut», azaldu du Alustizak.
Baserrietako albaitariak beti gizonezkoak izan direnez, kontrakoa pentsatzeko joera dago. Baina emakumeek ere baserrietan lan egin dezakete, noski. Gainera, albaitari guztiek ez dute baserrietan lan egiten. «Ezingo zara baserriko albaitaria izan», esaten zidaten. «Zergatik ez?», erantzuten nien. « Indarra behar delako». Indarra, zertarako? Erditzeetan txahala ateratzeko, teknika behar da, batez ere. Indar kontua izango balitz, baserritarrak berak aterako luke txahala. Nik nahiago dut albaitaritza klinika batean lan egin, baina emakume batek lasai asko lan egin dezake zaldi artean edo baserrietan», aipatu du albaitari legazpiarrak.
Alustizak oso argi zuen ez zuela baserrietan lan egin nahi. «Kirurgia asko gustatzen zait eta baserrietako abereak ekoizpenerako erabiltzen dira. Nire garaian, karrerak hiru espezialitate zituen: klinika, abere ekoizpena eta bromatologia. Nik argi nuen klinika ikasi nahi nuela. Katiuska batzuk jarri eta lokatzetan ibiltzea ez zait batere inporta, baina behi bat gaizki dagoelako hiltegira bidaltzea… Nik animalia sendatu nahi dut!». Eta hori da, hain zuzen ere, Nekotz klinikan egiten duena.