Argazkilaritza digitalak piztu zuen niregan argazkilaritzarekiko interesa. Oraindik ere martxan den ojodigital izeneko foroa aurkitu nuen Interneten 2004an. Haren bidez ikasi nituen argazkilaritzaren kontzeptu nagusiak, eta beste erabiltzaile batzuekin argazkiak eta ezagutzak partekatuz argazkilaritzarekiko sentitzen dudan pasioa aurkitu nuen. Diziplina guztietan aritzen naiz gustura, eta hainbat estilotako argazkiak egiten ditut, baina paisaiak erretratatzen gozatzen dut gehien. Bidaiatzea dut beti buruan, munduko leku ezberdinen paisaiak argazki bihurtzeko.
Irudiko argazkia 2015eko urriaren 17an atera nuen Oamendi (Zerain) mendiaren gailurretik. Egun hartan, Ortzadar elkarteko bi kiderekin batera ilunabar polit bat ateratzeko asmoz jo genuen mendira, udazken garai honetan sortzen diren zeru dotoreak baliatuz. Ez zen guk espero bezalako ilunsentia izaten ari, eta argazki kamerak jasotzen ari ginen, baina bat-batean, eguzkia ezkutatzear zela, azken eguzki errainu hau oparitu zigun. Ondo gogoan dut une hori. Horrek erakusten digu argi egingo digun azken izpi horren zain egon behar dela beti.
Datu teknikoak
Canon EOS 6D • EF24-105mm • f4 • 1/50 seg • ISO 250