Joxe Mari Telleria • Idiazabal
Gure lehendabiziko erreportaietakoa izan zen hau, sanblasetan, Axari dantza taldeari egindakoa, Gemmarekin Fotoetxe sortu genuen urtean. Izan zen garai bat, ez hain aspaldi, atzo izan balitz bezala gogoratzen dut. Bi Pentax MX kamera eta Metz 60 flash indartsua (eta astuna) zintzilik nituela. Soldadutzan nengoela, nire lagun baten neskalagunak, azafata zenak, New Yorketik ekarritako kamera erabat manuala eta hiru optika izan ziren nire lehen ekipoa.
Argazkian azaltzen diren dantzari txikiak, urteroko San Blas jaiak alaitu dituen Axari dantza taldekoak dira. Beraiekin hasi nintzen, eta ofiziotik erretiratzerakoan ere bidelagun izan ditut, euren urteurrena aitzakia hartuta erakusketa antolatu baitugu aurten. Lake eta biok elkartuta egin dugu azken lan hau.
Esku artean daukagun irudira bueltatuz… Bolatokia, pilotalekua eta futbitoa ikus daitezke bertan, baina lehen ere bazen hor, futbol zelai bat, belaunerainoko lokatzetan jokatzen zena. Han ere aritu nintzen, estreinakoz, argazkilari zaletu bezala, herriko jokalarien irudiak zuri-beltzean jaso eta ganbaran errebelatzen. Gero, etxeko tabernan jartzen nituen, komentario eta guzti.
Bolatokia futbitoaren eta iturriaren, eta pilotalekuaren osagarri zen. JoxeKruz maisuak eta lagunek, beraien zaletasunari eusteko toki egokia izan zuten bertan, bolarien tenpluan. Bestalde, lokatzadi-estadioa, futbito bihurtu zen… Iturrian, edateko edo sukaldatzeko ur bila, herritar asko elkartzen zen marmitak zintzilik zituela. Leku bakoitzak izaten du bere historia.
Gogoan dut Garaikoetxea lehendakariak inauguratu zuela pilotalekua. Bitxikeria bezala, Gure Esku Dago-ren ekitaldi batean, Miramar jauregian, argazkia ateratzen ari ginela, zera esan nion: nire argazkilari bidea inaugurazio ekitaldi harekin hasi nuela eta… «Ah bai! Ba nik ohorezko sake hartan, behatza hautsi nuen», berak. Algara egin genuen denok hori entzundakoan.
Zenbat aldatu diren gauzak 40 urtean. Lehen negatiboak, kamera analogikoak edo karreteak zeuden tokian, digitala, ordenagailuak, edizioko programak orain. Badira aldatu ez direnak ere, poza eta emozioa, ardura eta urduritasuna…
Begi bat itxi, bestea azti, zenbait begirada, zenbait ikuskizun, zenbait jende ezagutzeko aukera. Irudimenaz gozatzeak ez daukalako adinik, berrogei urte pasa eta gero… Aurrera.