Goierritarra izan ez arren, goierritar unibertsal baten lana eta figura biziberritzen aparteko garrantzia izan zuen Xabier Castillo Miota Xeberri abeslariak (Durango, 1948 – Berriz, 2021). Irailaren 10ean hil zen, 73 urterekin. 1970eko hamarkadan, euskal kantagintza berriaren hastapenetako autore entzutetsu izan zen.
Lehenbiziko diskoa 1973an argitaratu zuen Xeberrik, Iberia estudioarekin: Iparragirre. Hain zuzen, Joxe Mari Iparragirre Balerdi urretxuar bardoaren lanak modernismoan lehenbiziko aldiz kantatu zituena izan zen bizkaitarra. Koblakariaren hamar piezaren bertsioak berritu zituen Xeberrik, gitarraz lagunduta eta tenore ahots sendo bezain garbiz.
Herri kantak berreskuratzeko eta publiko gaztearentzat aurreneko aldiz emateko konpromisoa hartu zuen. Iparragirreren hitzekin egindako lehen diskoa izan zen, era berean.
Galeusca taldearekin Goierrin
Hasi bakarrik ez, oinordekoa ere zaletu zuen Xeberrik Iparragirreren musikarako. Gasteizko Amets pop taldean ibili eta gero, Gontzal Mendibilekin bikotea osatuta hainbat kantaldi, musika jaialdi eta kontzertu eman zituen Euskal Herrian barrena. Dagoeneko klasiko bihurtuak diren Kapitalismoak eta Bagare eta Bagare abestiak atera zituzten 1976an, Zaurietatik dario diskoko (IZ) lehen eta azken kantuak zirenak.
Belaunaldi askoren soinu sortzaile eta jartzaile izan da Xeberri. Telebistan bikoiztaile lan egin zuen urte askoan; besteak beste, Dragoi bola animaziozko marrazkien telesail ospetsuaren abestien abeslaria izan zen, eta haur askorengana ere iritsi zen. Robert Reford eta Antonio Banderas aktoreen, edota Garfield edo Yamcha marrazkietako pertsonaien ahotsa izan zen.
Hain zuzen, Gontzal Mendibilek heldu zion, geroztik, Iparragirreren diskografia eta biografia gizarteratzeko Xeberrik hasitako zereginari.
Bi abeslariak Goierrin sarritan izan ziren. Goierritarrek gogoratzen dute oraindik, nola Galeusca ekimenean Beasainen udaletxe azpian egin zuten kontzertua. Miro Casabella galiziarrak eta Joan Isaac kataluniarrak parte hartu zuten, baita Gorka Knörrek eta Pantxoa eta Pellok ere. 1976ko urriaren 30ean izan zen Beasaingo kontzertu hura.
Urte berean, aurretik, aste bat lehenago (urriak 23an) Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuko jaialdian izan ziren Xeberri eta Mendibil; eta ekainaren 13an Seguran, Euskal Asteko kantaldian.