Andrea Aranburuk (Beasain, 1997) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean. Gaztea irratian, Goierriko Hitza-n eta ETBn lan egin du. Egun, Gaztean aritzen da.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Musika entzutea, musikaren inguruko gauzak irakurtzea eta entzutea, lagunekin ibiltzea, kontzertuetara joatea…
Gustuko irrati esataria?
Edurne Garmendiak irakatsi dit dakidan ia guztia. Oso harreman polita dut berarekin.
Gustuko kontzertua?
Ibil Bedi talde nafarra bi aldiz entzun nuen aste berean: Gabirian eta Donostian. Sekulako musikariak dira eta musika ezberdina egiten dute.
Gustuko liburua?
Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan.
Pelikula bat?
Zineman ikusi dudan azkena El buen patron da. Asko gustatu zitzaidan.
Musika talde bat edo musikari bat?
Fanatismoak txarrak dira, eta gainera, egunero ez gara berdin esnatzen.
Abesti bat?
Azkenaldian Anariren Vinu, cantares y amor askotan entzun dut.
Oporretarako toki bat?
Munich. Izeba Bakarne bertan bizi da.
Zer gosaltzen duzu?
Tostada bat hozkailuan dudanarekin, kafesnea eta kiwia.
Zure bizitzako egun bereziena?
Azaroaren 1a. Aitaren aldeko familia urtero egun horretan elkartzen da.
Jaso duzun opari bereziena?
Bekaldia bukatu nuenean, lankideek Cork-era hegaldia oparitu zidaten kuadrillako bat bisitatzera joateko.
Goierriko txoko kuttuna.
Amamaren etxea, Idiazabalen.
Beasainen biziko ez bazina…
Lazkaon.