Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Esti guaje de quién ye oh? Ye el nietín de Luisina y Sabino. Hori izan naiz ni. Guaje bat. Edo guajín bat. Gero mocín izatera pasako nintzen, eta egun yá ye un home. Baina beti Luisinarena eta Sabinorena izan naiz. Eta izango naiz.
Zorionez, bizitza osoan ezagutu dut nik asturiera edo bablea. Sabino Fernandezen seme, biloba eta birbiloba izateak izan du horren errua, eta hirurak Asturiasen jaioak izateak ere izango zuen noski eraginik. Meca!
Txiki-txikitatik izan naiz bertan. Oporraldi gehienak La Frecha herrixkan igaro ditugu anaiak eta biok, eta han beti izan gara Los Vascus. Llanestik urruti, badaezpada diot. Puertu Payares azpian, mendi eta mineru artean hazi gara gu nolabait. Asturias zaharrean.
Etxe ondoko pumará-ra joaten ginen baloiarekin jolastera eta cuando orbayaba, Tenientearen galeria azpiko bankuan esertzen ginen, Chonen bilobekin. Chigre-ra joaten ginen gurasoak han zirenean, culín batzuk hartzera. Eta tarteka, espicha egiten genuen lagunen baten etxean.
Maite nituen caldereta egunak, horrek esan nahi baitzuen jende asko etorriko zela amonaren etxera, eta ondo fartucos amaituko genuela. Aitona Sabinoren si gustais que aproveche gracias batek ematen zion beti hasiera jaiari. Eta orduan hasten zen dena. El mi mineru favoritu zinen, aitona.
Gogoan ditut izeba Tentaren kontakizunak, nahiz eta jakin erdiak ez zirela guztiz benetakoak. Eta Nievesen kantuak, nahiz eta nik bat bera ere osorik ikasi ez. Como gochus jartzen ginela esan daiteke, zentzu guztietan. Baino niretzat yera muy prestosu.
Ni ere saiatzen nintzen bertako hitzak eta esamoldeak nire hizkeran txertatzen, ingurukoen gozamenerako. Ez zaio inoiz ahaztuko nire familiari esaterako, Renuevan ginela, Los pitos, los pitos! oihuka hasi nintzen egun hura, Loliren pita-k errepide ingurura gerturatu zirelako. Haiek algarak egin zituenak osaba Segundok.
Betidanik ezagutu ditut nik, Asturiasko herri sarreretako seinaleak spray beltzez zuzenduta. Pola de Lena sarreran, La Pola Llena gainetik idatzita; edota Uviéu, Oviedo idatzita zegoenean. Finean, beti ezagutu izan dudala han ere txikiaren borroka, nagusiaren itzalean lekutxo bat egiteko. Agian ez da gurea bezalako borroka izan, ixilagoa izan den heinean. Agian Bableak edo asturierak ez du izan egunerokoan gurean euskarak izan duen babesa, nahiz eta guri askotan horrela ez iruditu. Baina zorionez badirudi, ofizialtasunerako noranzkoan, bidelagun berriak topatzen ari dela azkenaldian. Eta ezin harroago sentitzen naiz. Asturiarra ez baita aldeanu-en eta nekazal inguruetako ezjakinen hizkera soila. Bablea ez baitute pueblin-etako lau raposu-k erabiltzen.
Agian ez da izango Europako hizkuntza zaharrena. Baina bizirik egon nahi du. Egon behar du. Bertakoa delako. Eta bertakoek bizirik nahi dutelako.
Oficialidá de la llingua Asturiana! Eta chute!