Beñat Senar Apalategi (Ataun, 2001) buruz buruko munduko pilota txapelduna da 23 urtez azpiko mailan. Urriaren amaieran lortu zuen garaipena Valladoliden, Mexikoko ordezkaria garaituta. Lauzpabost urte zituela aita eta aitonarekin hasi zen pilotan jolasten. Gerora, Ataungo pilota eskolan jardun zuen eta, gaur egun, Lazkaoko taldean dabil. Uda min hartuta igaro ostean, munduko txapelketa orain arte lortu duen garaipenik «bereziena» izan da.
Zein izan dira munduko pilota txapelketara heltzeko eman dituzun urratsak?
Guztia ekainean hasi zen. Espainiako selekzioak aurretiko aukeraketa bat argitaratu zuen eta, bertan, nire izena zegoen. Hasieran, hamabi izen egoten dira eta, azkenean, seik osatzen dute selekzioa. Udan entrenamendu eta proba fisiko batzuk pasa behar izan genituen. Irailaren erdialdean esan ziguten zein izango zen selekzioko zerrenda eta, ordutik aurrera, selekzioarekin lotura osoa izan dugu txapelketara arte.
Zer nolako esperientzia izan da munduko txapelketa?
Esperientzia oso polita izan da. Aurretik ezagutzen ez genituen kultura batzuetako pilotarien aurka jokatu dugu. Partidak ordubete ingurukoak izaten dira, baina eguneko gainontzeko ordu guztiak ere eurekin igaro ditugu. Selekzioko kideekin ere harreman oso ona izan dut. Bat errioxarra zen eta gainontzekoak euskaldunak, hiru gipuzkoar eta bi nafar.
Gainera, txapelketa irabazita itzuli zara.
Irabaztea guztia borobiltzeko modu bat izan da. Uda osoan min hartuta egon naiz, eta ordutik, irabazi dudan lehen txapelketa izan da. Uda oso polita zetorren, baina, azkenean, munduko txapelketa irabaztea uda guztia lanean aritzearen ordainsaria izan da.
Halere, pilotan, munduko txapelketak ez du beste kirol batzuetan bezalako oihartzunik. Zergatik?
Espainia izaten da urtero erreferentziazko selekzioa eta desberdintasun handia egon ohi da gainerakoekin. Mexikarrak izan dira, aurtengoan, gehien gerturatu direnak. Binakakoan lan pixka bat eman zieten, baina gainontzean lehiakortasun gutxi egon da. Esaten dutenez, iristea zailagoa da irabaztea baino.
Valladoliden izan da txapelketa. Euskal Herritik kanpo asko jokatzen al duzue?
Lazkaoko taldearekin gehienean hemen jokatzen dugu, baina selekzioarekin jokatzeko Espainiako fitxa eduki behar da eta guk, normalean, Gipuzkoakoa izaten dugu. Horregatik, iaz, Salamancako klub batek fitxatu gintuen, lehen mailako Espainiako txapelketa jokatzeko. Arrasateko bat eta Soraluzeko bat, binaka; eta ni, banaka, joan ginen.
Lehen mailako txapelketa irabazi eta talde hori ohorezko mailara igotzea lortu genuen. Orduan hasi zen hautatzailea gu ikusten. Partida horiek, bai, Salamanca inguruan jokatzen genituen. Gainera, bertako klubarekin lotura egin genuen, eta udan, festetako partida dezentetara joan ginen.
Zein dira hurrengo helburuak?
Orain txapelketa pribatuak dauzkagu hemen inguruan: Zaldibarkoa, Lezamakoa, Soroa Tolosan… Gero, berriz ere, Espainiako txapelketa hasiko da. Aurten, Soriako klub batekin jokatuko dut eta hori izango da helburuetako bat. Datorren urtean, munduko txapelketa absolutua jokatuko da, eta hori ere helburu bezala daukat.
Munduko txapelketak lau urtean behin jokatzen dira, bai 23 urtez azpikoa, bai absolutua. Normalean, bi urtean behin txandakatzen dira, baina 23 urtez azpikoa pandemiagatik atzeratu zen eta aurten jokatu da.
Profesionaletara iristeko aukerarik ikusten al duzu?
Oso zaila da, oraingoz oso urruti ikusten dut. Lan asko egin beharko dut bertara iristeko.
Ikasketekin nola uztartzen duzu pilota?
Ingeniaritza mekanikoa ikasten ari naiz, Goierri Eskolan. Mondragon Unibertsitateak asko lagundu dit, esaterako, mundialean aste bete kanpoan pasatzeko ez didate zailtasunik jarri. Gainontzean, entrenamenduek uzten didate ikasteko denbora. Gauzak azken momenturako ez uzten eta denbora libreak aprobetxatzen saiatu behar da.
Eta parrandarako denborarik geratzen al da?
Igandean partidua izanez gero, aste horretan ez dut parrandarik egiten. Nahi dudalako jokatzen dut pilotan eta, beraz, ez da esfortzu handia niretzat. Ateratzea gustatzen zait, baina politagoa da txapelketa jokatu eta irabazi ostean ateratzea.