Ainitze Jauregi • Oreka fisioterapia zentroa (Segura)
Ohikoa da pazienteak lesio edo minen bat sentitzean, fisioterapeutarengana jotzea. Gehienetan, saio gutxiren ondoren osatuak suertatzen dira, eta berriro ere bekatu berdinean ez erortzearren, gehienek proposamen onak izaten dituzte pentsamenduan: luzaketak egin, kirola egin, tartean mantenu tratamenduren bat egin fisioterapeutarenean…
Behin osatzean, ordea, berriro hain sarri minik ez izateko jarduera osasungarri bat izan behar zuenak, intentsitate handiko ariketa izatera pasatzen da, adibidez aerobic-a edo zumba.
Beti ez, baina sarri gertatzen da, mota horretako kirol taldeak, adin tarte eta esperientzia denbora ezberdineko pertsonez osatzen direla.
Esperientzia handiko kirolariek ez dute intentsitate moteleko ariketarik nahi izaten, eta arazoa, hasi berrientzat izaten da, besteen erritmoa jarraitu nahian, behar ez diren esfortzuak egiten dituztenean. Taldeko 20-25 urteko gazteak, ziurrenik, hasi berria izan arren, laster lortuko du besteen parean izatea, baina 50-55 urte ingurukoak, oraindik inolaz ere heldua izan gabe,
koordinazio gaitasun berdina ez duelako, artrosi punturen bat edo beste izan dezakeelako… orokorrean ezingo du berdin erantzun. Eta erantzuteko saiakera horretan, sarri gertatzen da lesioa egitea. Kirol mota hori, alaia da, musikaz lagundua, izerdi asko ateratzea eragiten duena (batzuen ustez horregatik azkarrago argaltzen laguntzen du)… eta tentazio handikoa beraz, baina oso kontuz egin beharrekoa ere bai.
Ordubeteko paseoa ere kirola da
Ez nuke ariketa mota horien aurka egin nahi, baina gure egunerokoan, asko dira holakoetan egindako gehiegikerien ondorioz lesionatu eta artatu beharrekoak.
Kirola egitea osasungarria eta gomendagarria da, ezer egin gabe baina askoz hobea, baina kirola egitea, egunero ordubeteko paseotxoa ematea ere bada.
Alegia, arnasa aire librean hartu, inguruko parajeez gozatu, egunean zehar pilatutako tentsioak uxatu eta erlaxatuz alegia,eta garrantzitsuena, osasunari batere kalterik egin gabe, kirola egitea da.