Aitor Calvillo Zurutuza • Ordizia
Halaxe zioen Hertzainak taldearen kanta batek. Eta horren lekuko, argazkia kusi besterik ez. XX. mendeko 60ko hamarkadakoa delakoan gaude zenbait auzotar eta ez gara urruti ibiliko. Ordiziak biztanleria gorakada handia izan zuen orduan eta Alde Zaharreko harresitik kanpo, Oria ibaiaz bestaldera, etxeak eta auzoak eraikitzeko erabakiak hartu zituzten orduko politikariek. Buztuntza eta Altamira baserriek bizilagun berriak izango zituzten laster batean. Erabakiak hartu eta egin, 10 urtetan erabat aldatuko zen bertako paisaia, guztia erabat urbanizatuz eta etxebizitzaz betez.
Lekua aurretik ezagutu zutenek ere bestelako argazki bat aterako liokete gune horri. Diotenez, guztia soroz betea… Baina laster iritsiko ziren N-1 errepidea eta trenbidea, eta gunea itxuraz aldatzen hasi. Tren-pasabidea Buztuntza baserri ondoan, Goardia Zibilen koartela, futbol-zelaia Aranatik Altamirara (argazkian jada itxura hartzen). Eta esan bezala, urbanizazioa. Buztuntza auzoan egun ezagutzen ditugun etxebizitza gehienak 1972rako eraiki ziren eta egun herriko auzorik populatuena da. Buztuntza auzoa diot nik, baina bada Poligono de la Paz izena ere ematen diona, honek berarekin dakartzan pikeekin. Pasadizo bat kontatuko dizuet: orain gutxi Buztuntza auzoan jaio edota bizitakoek euren eguna antolatu zuten eta zerrenda egiterakoan «Zu ez Aitor, zu ez zara Buztuntzakoa (baserri ondoko jatorri etxeetakoa), zu Poligonokoa zara eta ezingo duzu bazkarian parte hartu». Eta horrelako hamaika!
1982tik aurrea Ordizia
Tira, Ordiziak urte gutxitan izan duen bilakaera horren beste zantzu bat bertako estolderietan ikus dezakegu. Berauetan egun oraindik hor irakur daiteke Villafranca de Oria. Izan ere, ez ahaztu 1970a urtera arte hala zuela izena herriak; gero Villafranca de Ordizia izena hartu zuen eta 1982tik aurrera Ordizia.
Buztuntzako jaiak ere antolatu ziren 70eko amaieran eta 80ko hasieran. Tarteka segida izan dute bi epetan. Buztuntza auzoko tabernetako giroa ere aparta izan da beti, herritarren inbidia askorentzat, Altamiran ere 7 taberna (eta putetxe bat edo beste) izan zirenekoa ere gogoan dute askok (egun 3). Altamira eta Otegi Enea auzoetan ere jarraitzen dute oraindik auzoko festak antolatzen.
Buztuntza baserria (idatzi zaharretan Bozuntza) XX. mende amaieran eraitsi zuten. Gipuzkoan ezagutzen den batzar-gunerik zaharrenetarikoa izan zen Bozuntza baserria eta batzarrak bertan zegoen intxaurrondoaren azpian burutzen ziren. Toponimia aldetik aldaera desberdinak ezagutu ditu baserriak: Bozunza, Buzunza, Bazunza, Buzuntza, Bustunza, Boztontza, Bustuntza, Boztantza, Bustiunza eta Bozuntza. Gaur egungo argazkia erakutsiko bagenio!