Lurpetik lurrun kea irteten hasi zela sumatu zuten 1862an Ormaiztegin. Beroa ematen zuen, eta gauetan argitasuna zabaltzen.
Goierrin jatorri bolkanikoko harriak aurkitu dituzte zenbait adituk. Urretxutik Azkoitiarako bidean, eta handik mendebalderantz Bergara-Elgoibar-Eiba-Kalamu eremuan daude halakoak. Baina duela 100 bat milioi urteko aktibitate geologikoek sortuak dira. Ez Goierrin, ez Gipuzkoan, sumendirik gertatu izanaren testigantza dokumentalik ez da ezagutzen. Baina 1862an, Ormaiztegin, halakoren bat lehertu ote kezkatu ziren.
Norteko trenbidea eraikitzen ari ziren garai hartan, Altsasu eta Tolosa bitartean. Ormaiztegin, bero handia ematen zuen bapore-laino bat hasi zen lurraren barrutik irteten. Gauetan argitasun handia sumatzen zen, gainera. Sei hilabete iraun zuen fenomeno bereziak, eta sumendiarekin lotu zuten hasieran –urte batzuk geroago ere, artean Sumendia deitzen zioten tokiari–. Puska batean, ondoren ere inguratzerik ez zen izan, bero handia botatzen segi baitzuen toki hark.
Hoztu zenean, lurrazala kolore gorrizta batekin margotuta gelditu zen, erabat erreta. Kiskalitako lur hura erabili zuten trenbideko lanetarako morteroa egiteko. Horma batzuk gorriztak direla idatzi zuten XX. mende hasieran.
1876an, Manuel Saenz kimikariak ikertu zuen. Jatorri bolkanikoa baztertu, eta lurrazpiko lignito edo harrikatz geruzak su hartu zuela ebatzi zuen.
Inguru arbeltsua
Adan de Iartzak ere ontzat jo zuen Saenzen hipotesia. Toki hartan karbono askoko arbelak egotea horren sendogarri zela erantsi zuen. Serapio Mujikak 1918ko Geografia de Guipuzcoa lanean datu gehiago idatzi zituen: lurpeko sute hori Ormaiztegiko trenzubitik goraxeago, karrilaren barrenean gertatu zen. Mendiari 100 metro luze, 12 zabal eta 10 sakoneko zatia kentzen ari zirela, Kretazeo garaiko arbel geruza handi batekin topo egin zuten, burdin-piritaz oso aberatsa. Hondakinak behera bota eta lurrak mugitzerakoan, piritak deskonposatu, su hartu, eta telera bat osatu zuten. «Hilabetetan» egon zen sutan, osagai sulfurosoak ahitu arte.
Arbel errezko lur haiek laborantzarako oso aberatsak suertatu ziren. 1905ean, handik goragoko harrobi batean, lignitoa komertzialki erauzteko ikerketak egin zituzten.