Ane Irazoki Alvarez • Hipatiari begira
Beldurra zapaltzailearen tresnetako bat da, patriarkatuarena, emakumeok espazio publiko eta politikotik albo batera uzteko. Betidanik beldurra irakasten digute, estalitako mehatxuekin edo mehatxu zuzenekin.
Izugarria da emakumeok jasaten dugun beldurraren politika. Eta honek, gu hil, bortxatu eta gutxiesteaz gain, hezi egiten gaitu, sozializatu. Sozializatzen gaitu espazio publikoa maskulinoa bezala ulertzean eta bertan egotean edozer pasa dakigukeela ulertaraztean, edo sinestaraztean gizonek ez gaituztela errespetatuko, eta gu defentsa konstante batean egon behar garela pentsarazten digunean.
Ezinezkoa da hurrengoak izango garen beldur ez izatea. Nik hitz batean definituko nuke: terrorismoa. Eta ikusten ez duena arazoaren parte da.
Patriarkatuak beldurraren eta indarkeriaren bidez isilarazi egin nahi gaitu, baina patriarkatuari beldurra ematen dion emakumeon arteko maitasuna daukagu. Justizia, sororitatea, arrazoia eta kalera irtetzeko eta gure eskubideak defenditzeko indarra. Beldurra hezurretaraino sartzen diguten arren, boteretsuagoa den amorrua ari zaigu irtetzen. Eta jakin, amorru hori ez dela beti neurritsua izango.