Ugariak dira gure inguruan Egileor, Egillegor, Egillor, Eillor edo Illor izenez ezagutzen diren leku eta baserriak, edo aipatutako formak dituzten leku-izenak (Illorzarra, Ilorraldea…). Goierriko mendebaldetik ekialdera sarri-sarri ikusiko ditugu. Ez da, dena den, Goierriko fenomeno esklusiboa, Bizkaia hegoaldean badira, Gipuzkoako mendebaldean asko eta Nafarroako iparraldean ere ugari daude. Bitxia da, baina Urretxu eta Zumarragako udalerrietan ez da jaso, eta Azkoitian ere ez. Ematen du terminoaren hedaduraren iparraldeko muga bat hor dagoela. Araban ere oso gutxi jaso dira; adibide bakanetakoa Aguraingo Egileor auzoaren izena da.
Horren zabalduta egoteak adierazten du hitz arrunt modura funtzionatu duela Euskal Herriko alderdi zabal batean, eta jendearen ahotan barra-barra erabili izan dela. Denborarekin, ordea, lekurik gehienetan erabiltzeari utzi zaio eta herritarrek esanahia ahaztu egin dute. Leku horietan ‘egileor’ hitza ihartu egin da eta izen propio modura geratu da, jatorrizko esanahiaz hustuta.
Txabola, borda edo saletxea
Harrigarriro, ordea, Goierriko herri batean oraindik eguneroko hizketan bizi-bizirik dago, gainerako herrietan galdu bada ere. Herri hori Legazpi da, eta bertako lexikoan ‘eillorra’ edo ‘illorra’ hitz arrunta da, beste herri batzuetan ‘txabola’, ‘saletxe’ eta ‘borda’ esaten dena adierazteko. Aitor Azpiazuk ere jaso zuen Gipuzkoako hegoaldeko euskara. Brinkolan jasotako lexikoa eta etnografia gaiak liburu mardulean: «Íllor, íllorra: iz. Egilehorra, abereak mendian gordetzeko eraikuntza». 1955ean ganadua gordetzeko eraikinak ‘ellor’ izenaz ezagutzen ziren Urbian, Alejandro Ezkurdiak eta Jose Inazio Lasak idatzita utzi zutenez: «Ellorra es una construcción para cobijo de ganado, con base de piedra y vertientes de ramas recubiertas de cesped, helecho, brezo…». Gaur egun ‘txabola’ esaten zaie. Beste datu bat, hauxe: Ataunen, 1928an, Juan Arin Dorronsoro ikertzaileak 20 leku-izenetan ‘e(g)ileor’ eta ‘illor’ terminoak jaso zituen, eta hor garbi ikusten da orain dela 100 urte Ataunen normaltasunez erabiltzen zela.
Ez da harritzekoa, hortaz, horrenbeste ‘egileor’ ikustea Euskal Herrian zehar, azken batean gure mendiak txabola, saletxe eta bordaz josita daudelako eta hori delako garai bateko izen arrunta. Kasualitatez, edo ez, Egileor izeneko lekurik ez duen herri bakarra Legazpi da (bai, ordea, haren eratorriak: Egilleortxo, Egilleorralde…). Ez luke izen propioaren funtzioa beteko, lehen esan dugun arrazoiengatik.
Etimologiari begira, esan liteke lehen osagaiaren ‘egi’ horren atzean ‘etxe’, ‘bizitoki’ egon litekeela, Koldo Mitxelenak Jauregi, Beorlegi, Zumelegi eta abarretan ikusten duen bezala.