Bere egunean gerra-leku, gaur egun pinudiz eta ehiza postuz betetako ingurua da Zelandieta eta Espainola mendia lotzen dituen eremua. Ormaiztegiko plaza du abiapuntu eta helmuga jarduera ugariren lekuko izan zen mendi itzuli honek.
Joan den igandean bukatu zen Ormaiztegiko 28. Mendi Astea ixteko proposatu zen irteera bera dakar ale honetako Ibiltarik. Egitarauan Arandia baserria –Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren jaiotetxea– eta Idiazabalgo lurretan dagoen Urbizu baserria lotuz Zelandieta aldera egitea zen proposatzen zen ibilbidea, baina itzuli honetan baztertu egin behar izan da bi baserri historiko horiek ezagutzeko aukera. Arrazoia bat eta bakarra: Irai-Errotako (Iraegi) eremuan 80.000 metro koadro pasako industrialdea egiten hasi ziren abuztuan, eta hango bizilaguna edo bertako langilea izan ezean, garalazita dago inguru horretara igarotzea. Bi urte beharko dira gutxienez ormaiztegiarrek Espainola mendiko itzulirako erabili izan zuten ibilbidea atzera erabilgarri egoteko.
Irai-Errotan eraikitzen ari diren industrialdearen lanak direla eta, ezin da Zelandietara Arandia eta Urbizu baserrietatik joan
Baina izan bada Zelandietara igotzeko bestelako biderik, Jose Luis Borde Murua Ormaiztegi Kirol Elkarteko jarduneko presidenteak erakutsi bezala. Plazatik abiatu, eta Ojarbi (Oiarbide) baserri aldera doan bidea hartu beharra dago horretarako. Herri baratzeak pasa eta kilometro erdira lehen etena. Ezkerrera dago herritarren kutuna den Iraiko iturria. Hara joateko zegoen bidexka bide bihurtzen ari dira orain –industrialdeko obrak direla eta–, eta langileei baimena eskatuta huraxe behintzat ezagutzeko aukera izan dugu. Erabat aldatuta dago ingurua, dena lokatz. «Garai batean erromeria txiki bat egiten genuen inguru honetan San Inazioetan», gogoratu du. Eskubitara Eztanda erreka dela, lehengo baserri bidea hartu, trenkarrilaren azpitik pasa, eta ezkerretara zabaltzen den mendi-bidea hartu behar da, Ojarbirako bidea eskubitara utziz.
Lehen Karlistaldiko gudu eremua
Ordu laurden-hogei minutuan gora egin beharra dago basoan zabaldutako bidean. Askotariko arboladiak ageriko dira: pinudiak, haritz amerikarrak nahiz bertakoak, baita eukaliptu sailak ere. Satsaldeko gainera iritsita (330 metro), ikusmira aldatu egiten da. Bide ondoan lehen ehiza-postuak, eta urrutirago begiratu Idiazabal, Ataun eta Aralarko mendiak. Lokaztutako bidegurutzean, eskubira egin beharra dago Zelandietara iristeko –ezkerrera eginez gero, Urbizu baserrira–. Hamar minutuko pausaje erosoan iristen da I. Karlistaldiko gudu odoltsu baten lekuko izan zen ingurura. Hori zen lehen jomuga.
Borrokaldi luze hura 1835eko urtarrileko lehen egunetan izan zen. Luze joko luke garaiko kronikek diotena artikulu honetan biltzea, baina Zumalakarregi jeneral karlistaren garaipenik entzutetsuena hantxe gertatu zen. Jauregi, Espartero, Iriarte eta Carratala lau jeneral liberalen tropek –8.000 gizon inguru– baionetaz egin zieten eraso 2.000 soldadu karlistei. Baina karlistek posizioari eutsi zioten, bi egunez, liberalak atzeratu ziren arte. Alde bakoitzeko hildako soldaduak asko izan ziren. Iñaki Arriaranek Idiazabalgo Aldaize aldizkariaren 45. zenbakian du jasoa borrokaldi haren berri, H. Du-Casse baroi eta ofizial karlistaren kroniketan oinarrituta.
Lubakiak ikusi ondoren, merezi du Zelandieta-zar baserriaren hondakinak ikusteko bidetik desbideratzea. Ezkerrera egin, eta Baserria salgai jartzen duen afixaren ondoko bidezidorretik iristen da hara. Bide erdian haritz handi bat dago, eta haren oinean, Ormaiztegi eta Idiazabal arteko mugarria. Harriaren gainaldeak zulo bat du, eta ikusten denez, han kandela sartu eta haren argiaz baliatzen omen ziren garai batean. Zelandieta baserri berria metro batzuk gorago eraiki zuten, muinoan.
Faxisten talaia izan zen mendia
Atzera bidea hartu eta metro gutxira beste bidegurutze bat dago. Aurrera segiz gero, Segurako Santa Engrazi ermita aldera iristen da, baina Espainola mendira eskubira egin beharra dago. Ordu laurden igoera pausatuan ailegatzen da muino nagusira (436 metro). Ehiza postu batek eta gasbidearen zutoin horiek ematen diote ongi etorria ibiltariari. Bi erreferentzia horiek hartuta hamar minutuko jaitsiera bat dago, eta bidegurutze lokaztu batean basoan behetik gora irekitzen den bidezidor estu bat hartu behar da Mugata izeneko parajera iristeko. Han ere, uso postuak eta pinuak nabarmentzen dira.
Ormaiztegi, Mutiloa, Segura eta Idiazabalekin mugakide den gaina da Espainola. 1936ko gerran mendi hori hartu zuten talaia modura tropa faxistek inguruko herriak kontrolpean hartu eta errepublikaren aldekoei aurre egiteko. Iturri batzuek diote hortik datorkiola gurean arrotz egiten den izen hori. Beste ikerketa batzuen arabera, Lehen Karlistaldiaren aurretik Tximindiko gunea izenarekin ezagutzen zuten inguru hori bertakoek.
Mugatatik bi minutu behera egin, eta parean Mutiloako Lurpe zabortegia ikusten dela, ezkerrera zabaltzen den bidea hartu beharra dago Liernia aldera egiteko. Hamar minutu eskasean, eta auzoa bistan dela, Mutiloako Barnaola baserrian hasten den Bide berdearekin –garai bateko meatze trenbidea– egiten da topo eskubira eginez gero, handik Ormaiztegiko Danborreko iristeko. Lointziko bidezidorretik behera eginez, eta trenzubi ezaguna azpitik igaroz iristen da abiapuntura.
Jakin beharrekoak
- Zumalakarregi museoa. 1989ko maiatzaren 12an inauguratu zen museoa zumalakarregitarren Iriarte-Erdikoa etxean. XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentziazko ikerketa eta dibulgazio zentroa da gaur egun. Informazio gehiago webgunean: zumalakarregimuseoa.eus.
- Danborre eta Lointzi. Mutiloako eta Zeraingo mea Euskal Herriko eta Europako burdin enpresetara iristen zen, Ormaiztegitik pasatuz. Danborren eta Lointzin, bi meatze esparruek bakoitzak bere biltegiak eta Norteko trenbidearekin bat egiteko bere sistema propioak zituzten. Danborre 4,5 kilometroko Bide berdearen abiapuntu edo helmuga izan daiteke. Behera eginez, 1864ko abuztuan inauguratu zen trenzubi historikoa eta 1995ean erabilgarri jarri zuten zubi berria ikus daitezke.
- Urbeltza iturria. Trenzubien azpian, arrautza ustel usaineko Urbeltza iturria dago. Han zabaldu zuten Pedro Zangitu eta beste ormaiztegiar batzuek bainuetxe sonatua, 1853an. Eraikina ez dago jada. Haren tokian kirol eremua eraiki zuten, Urbeltz frontoia barne. Balu artistak Zubipeko horman egindako bi hormairudik garai hura dakarte gogora.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Bi ordu / Bi ordu eta erdi
- Luzera: 8,5 kilometro
- Desnibel metatua: 630 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza