Iñaki Leturia • Ormaiztegi
Hau ez da normalean pantailan irteten. Ni izaten naiz irudian azaltzen dena, arriskuaren aurrean bakarrik, Gary Cooper bezala. Baina norbaitek begiratu behar du «zulotik» enkoadraketa egokia dela ziurtatzeko, eta kamera grabatzen has dadin botoi gorriari eman. Eta beste pertsona batek audio-maila egiaztatu du lehenago, kaskoak jantzita. 5, 4, 3, 2 … grabatzen! Horrela hasi izan dira, gutxi gorabehera, telebistan egin ditudan erreportaje guztiak.
Hogei urte inguru izango ditu argazki honek. Gaur ile gehixeago daukat aurpegian… eta askoz gutxiago burugainean! Baina hori ez da aldatu den gauza bakarra. Hiru lagunen lana bik egiten dugu orain, alegia, kudeatzaile ekonomiko batek erabiliko lituzkeen hitzak erabilita «amortizatu egin da lanpostu bat». Nola aldatu den kazetaritza! Lan egiteko modua, formatuak, edukiak… horren guztiaren eboluzioaren lekuko izan naiz.
Jendeak pantaila txikian ikusten duenari dagokionez, garai bateko telebista orain egiten denarekin konparatuko bagenu, ez nintzateke ausartuko esaten atzera egin dugun edo aurrera egin dugun. Bertatik Bertara egiten genuenekoa izango da argazkia. Arrastoa utzi zuen saioa, inondik inora. Nire hipotesia da nahi genuena egiten genuelako bihurtu zela ikur. Gero produktora baten esku gelditu zen eta saioak bere izaera galdu zuen, «korrienteagoa» bihurtuz, desagertu zen arte. Nostalgiaz betetako iritzia da seguruenik. Gaurko saio modernoagoak direla? Igoal bai, baina gu ere moderno eta berritzaile izan ginen aspaldi.
Aldi berean, izan da jendeak ikusi ez baina sumatu duen telebistaren eboluzio bat ere, eta aipatutako amortizazioarekin badu zerikusirik. Hori antzematen da, bereziki, euskaraz egiten diren saioen kalitatean eta kopuruan. Eta normala jendeak bizkarra ematea. Faktore gehiago ere badago telebista tradizionalaren gainbeheraren atzean, hortaz, hausnarketa ezinbestekoa da. Argazkian geroz eta jende gutxiago dago, eta argazkiari begira, hau da, telebista ikusten ere bai.