Basozain izateko oposizioetarako prestatzen ari da Arkaitz Sukia Araneta (Ordizia, 2000). Baso eta mendi kudeaketa goi-teknikaria da, mendia da bere pasioa eta pasioa ofizio bihurtu nahi du. Basoei “eman beharrekoa baino garrantzi gutxiago” ematen zaiela salatu du, eta sektorean gazteen falta sumatzen du.
Nola doa oposizioetarako prestakuntza?
Ondo. Goizez lanean nabil, basozaintzarekin zerikusirik ez duen lanpostu batean, eta arratsaldeetan ikasten dut. Bilboko akademia baten laguntzarekin nabil, astean bi saio edukitzen ditugu bideokonferentzia bidez.
Halere, ez dakigu azterketa noiz izango den. Gipuzkoako deialdia abenduan argitaratu behar zuten, baina atzeratu egingo da. Ez dakigu urtarrilean, otsailean edo datorren urteko uda ondoren argitaratuko duten.
Zein eduki lantzen dituzue?
Azterketak bi atal ditu: bata, orokorra (Konstituzioa, legeak, etab.) eta, bestea, espezifikoa. Bigarren horretan Gipuzkoako habitatak, geografia, hidrografia, arrantza zein ehiza legeak eta desagertze arriskuan dauden espezieak sartzen dira besteak beste. Gai interesgarriak dira, oso gustura nabil arlo espezifikoa lantzen.
Gazteen artean ez da oso ohikoa horrelako lanak egin nahi izatea…
Hemen inguruan, baso munduari eman beharrekoa baino garrantzi gutxiago ematen zaio. Jende guztiak hiriko lanari, bulegoetakoari begiratzen dio. Lana da hori ere, eta egin beharrekoa, baina hiritik kanpo gauza askori ez zaie behar duten garrantzia ematen, eta horiek ere egin beharrekoak dira. Ez dago nahikoa gazte horretan sinesten duena, eta bultzada handirik ere ez zaie ematen. Gure inguruko basoak gero eta utziagoak daude, udaletatik ere garrantzi gehiago eman behar zaie.
Zuri noiz piztu zitzaizun basozain izateko gogoa?
Betidanik ibili naiz mendian, baita arrantzan eta ehizan ere. Batxilergoa amaitzerakoan zerbait aukeratu beharra neukan. Ez nekien mekanika aldetik jo edo, bestela, niri benetan gustatzen zitzaidana egin.
Lehenik, gustuko nuena egitea erabaki nuen, eta gero gerokoak. Baso Kudeaketa eta Natura Ingurunea goi-mailako zikloa ikasi nuen, Fraisoro Eskolan, Zizurkilen. Bi urte horietan asko disfrutatu nuen, beste bi ere egingo nituzke.
Atzerrira joateko aukera ere izan zenuen.
Bai, praktikak Finlandian egiteko aukera eman ziguten. Hemendik lau joan ginen: Hernaniko bat, Donostiako bat, Usurbilgo bat eta ni. Hango espezie batzuen genetika hobetzen lan egiten zuen enpresa batean aritu ginen, hiru hilabetez. Guk zuhaitzak zenbakitzen genituen, baita neurtu eta inbentarioa egin ere. Gero, horren arabera, zuhaitz okerrenak kentzea eta onenak uztea izaten zen gure lana. Bestetik, landaketak zein kimaketak egiten eta haziak biltzen ere ibili ginen.
Gainera, pandemiak bertan harrapatu zintuen.
Joatearekin batera, koronabirusa indartsu sartu zen Euskal Herrira. Gu han harrapatu gintuen eta ez genuen konfinamendurik egin. Neurriak hartu behar izan genituen, baina etxean gelditu beharrik eta horrelakorik ez.
Gaiz aldatuta, ehizako denboraldia zer moduz doa?
Ondo. Orain oilagorretan nabil, horixe da gehien gustatzen zaidan ehiza. Txakurra lana egiten ikusi, mendian gora eta behera kirola egin… benetako ehiza hori da niretzat. Esan bezala, ehiza da nire afizioetako bat eta ur azpiko ehizan ere hasi naiz duela gutxi.
Nolatan?
Ehiza eta arrantza betidanik gustatu zaizkit. Joan den udan, lagun batekin batera, neoprenoak eta arpoiak erosi eta ur azpiko arrantzan hasi ginen.