TicketBai fakturazio sistema berria urte aldaketarekin batera jarriko da martxan. 2023ko ekainerako zerga-egoitza Gipuzkoan duten negozio guzti-guztiek ezarrita izan beharko dute.
Fakturak ez dira inoren gustukoak. Buruko minak ematen dizkiete askori, baita ere heldu aurretik. TicketBai fakturazio-sistema urtarrilean jarriko da martxan (borondatezko epean) eta saltzaileek egokitu egin beharko dute. Den-denek: tabernek, azokako postuek, gremiotako enpresek… Denera, 55.000 bat zergaduni eragingo die. Baina zer da Ticketbai? Gipuzkoako ogasunak diru-mugimenduak kontrolatzeko sistema berri bat da. Sistema honek dendariak behartuko ditu fakturak egiteko aplikazio jakin batzuk erabiltzera, eta aplikazio hauek zuzenean abisatuko diote ogasunari diru-mugimendua izan dela. Erabakiak harrabotsa sortu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dio sistema berriak zerga-iruzurra «desagerrarazi» egingo duela. «TicketBai-ren ezarpenaren bidez, Foru Ogasunek enpresa eta autonomoen zerga-iruzurren aurka borrokatu nahi dute. Horretarako, beharrezkoa da enpresen eta azken bezeroen arteko transakzio guztiak kontrolatzea», dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iaz 225 milioi eurotik gorako zerga-iruzurrak atzeman zituzten. horietatik ia 60 milioi euro, Balio Erantsiaren gaineko Zerga ekiditeagatik izan ziren. Adibide bat ere jarri dute: eskudirutan ordaintzean, sarri, ez da erregistrorik gelditzen eta Ogasunarentzat ezkutuan gelditzen direla azaldu dute. Sistema berriarekin salerosketa bakoitzeko faktura ematera behartuta egongo dira –orain ere hala da–, eta faktura guzti-guztiak ogasunak jasoko ditu zuzenean. Fakturak egiten direla egiaztatzeko ogasuneko langileak ikuskaritza-lanetan ibiliko direla iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Enpresariak, dendariak, ostalariak… kexu dira. Guztiak susmagarritzat hartzen dituztela salatu dute, eta irudi okerra dela. Eurek irabazten duten guztia zintzo aitortzen dutela azpimarratu dute, iruzurrik egin gabe. Hortaz, ezer ez dela aldatuko uste dute, neurria eragingabea izango dela alegia.
Aldundiak dio aitortzak zehatzagoak izango direnez ordaindu beharreko zergak ere justuagoak izango direla. «Neurriaren helburua da enpresek benetako ahalmenaren arabera fakturatzea, eta, batez ere, irabazten duten diruaren arabera, dagokien zerga ordaintzea».
Saltzaileek aldaketak dendarien poltsikoan eragin kaltegarria izango duela diote, bai behintzat epe laburrera. Izan ere, TicketBai sistemak behar duen aplikazioa ezartzeko ordaindu egin beharko da; kutxa erregistratzaileak ere aldatu beharko dituzte askok, Interneta duena izan beharko baita. 2.000 eurora arteko gastua izan daitekeela diote. Gainera, kontsumo ohitura berriek, bereziki Internetak, eta pandemiak altxortegia txiki utzi dietela kexu dira.
Foru Aldunditik erantzun diete laguntza-ekonomiak izango dituztela borondatezko-epea amaitu baino lehen hala eskatzen dutenek. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan %60 arteko hobariez baliatu daitezke, 5.000 eurora artekoak baldin badira. Tokian tokiko udalek ere badituzte diru laguntzak herriko kaltetuentzat. Beasaingo Udalak, esaterako, 6.500 euroko diru-partida prest du herritarren kostuak txikitzeko. Eskaerek kopurua gainditzen badute diru gehiago jartzeko konpromisoa hartu zuten urriko batzar orokorrean.
Gainera, ezarketa mailakatua izango da: urtarrilaren 1etik aurrera borondatezkoa izango da. Epe hori sei hilabetez luzatzea erabaki dute, saltzaileek egokitzeko denbora gehiago izan dezaten. Baina proiektuari eutsiko diotela iragarri dute. Hala, 2022ko uztailaren 1etik aurrera zerga kudeaketako profesionalentzako derrigorrezkoa izango da. Gainerakoentzako borondatezkoa izango da, baina apurka-apurka denek jarri beharko dute; irailerako, esaterako, jarduera profesionaletako enpresek prest egon beharko dute; azarorako, txikizkako merkataritzak eta ostalaritzak; 2023ko apirilerako, kultur eta aisialdirako zerbitzuak, esaterako; horrela da segida 2023ko ekainera arte. Handik aurrera zerga-egoitza Gipuzkoan duten negozio guzti-guztiek ezarrita izan beharko dute.
8.000 bat negozio aurreratu dira eta dena prest dute. 600 inguru jada martxan daude, gainera, proba moduan. Guztira, 40.000 faktura baino gehiago jaulki dituzte gaur-gaurkoz.
20.000 eurotik gorako isunak
TicketBai sistema ezartzeari uko egiten dionak zigortua izatea arriskua izango du. Zigorrak, beti ere, borondatezko epea amaitutakoan jarriko dira.
Enpresen eta autonomoen kasuan, aurreko ekitaldiko fakturazioaren %20ko isuna ezarriko da, eta gutxieneko isuna 20.000 eurokoa izango da. Arauak berriro hautsiz gero, isuna aurreko ekitaldiko fakturazioaren %30ekoa izango da, eta gutxieneko isuna 30.000 eurokoa izango da. Horrez gain, dokumentazioa aldatzeagatik, suntsitzeagatik edo ezabatzeagatik ere zigorrak ezarriko dira, bai zerbitzuaren azken bezeroei, hau da, autonomoei eta enpresei, eta baita ere TicketBai zerbitzua ematen duten enpresei. Isunak, kasu horietan, aurreko ekitaldiko fakturazioaren %20koak izango dira eta gutxieneko isuna 40.000 eurokoa izango da. Arauak berriro hautsiz gero, isuna aurreko ekitaldiko fakturazioaren %30ekoa izango da eta gutxieneko isuna, 60.000 eurokoa.
Akatsa larria ez den kasuetan, lehen aldia bada behintzat, zigorra 2.000 eurokoa izango da, bete gabeko transakzio bakoitzeko. Akats larriak ez izateko aitortu gabeko zenbatekoak ezingo du irabazien %2 baino handiagoa izan.
Bulegoak, kontsulta-gune
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko enpresei eta autonomoei gutun pertsonalizatuak bidali dizkie hilabeteotan, eta ogasunaren bulego guztietan arreta zerbitzua martxan ipini dute zalantzak argitzeko. Goierrin ez dago urte osoan zabalik dagoen egoitzarik, Beasaingoa apirilera arte itxita egongo baita. Telefonoz eta posta elektronikoz ere egin daitezke kontsultak.
500 software baino gehiago, baina euskaraz laurden bat ere ez
Gipuzkoako Foru Aldundiak 507 softwareri edo aplikaziori eman die oniritzia orain artean.Hau da, hauek sortzen duten faktura TicketBai sistemarekin bateragarria da. Faktura bat sortzean dutenean, aldi berean ogasunari ere igorriko diote.
Askotariko softwareak dira, sektore ezberdinetarako prestatuak: okindegiei bideratutakoak, jatetxeentzat propio diseinatutakoak, paper-dendetarako egindakoak… Euskaraz diseinatutakoak, baina, gutxiengoak dira. Bostetik batek besterik ez du euskarazko aukera. Txikitasunaren barruan aniztasuna nahikoa handia da.
Softwareak Euskal Herriko eta atzerriko enpresa informatikoek diseinatu dituzte. Tartean ere badira Goierriko enpresek diseinatutakoak. Goisystem informatika enpresak GoiGestTPV diseinatu du, esaterako. Kudeaketa orokorreko aplikazioa da, sektore zehatz batera bideratu gabea. Hau da, faktura estandarrak sortzeko balio du, zehaztasun handiagorik gabekoak; okindegi batentzat prestatutako aplikazioak, saldutako ogien informazioa jaso dezake, baina erabili dezaketen enpresak gutxiago dira.
Enpresa pribatuak dira horiek, eta ordainpekoak dira hortaz. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere badu bere softwarea: FakturaBai. Zergabidea atari elektronikoan erregistratu behar da erabili ahal izateko, ziurtagiri elektroniko batekin edo BAKQ kodearekin; behin barruan, FakturaBai atalean, fakturak sortu daitezke; igortzerakoan –inprimitu edo elektronikoki bidali daitezke– ogasunak ere kopia bat jasoko du. Doakoa da.
Ogasunarekiko zuzeneko fakturazio sistema Eusko Jaurlaritzak sustatutako aldaketa da. Ogasuna foru aldundien eskumena da, ordea. Dena dela, Araban eta Bizkaian ere ezarriko dute, bakoitzean egutegi desberdina adostu arren. Nafarroan lehendik ere ezarrita zegoen. 2018an egin zuten aldaketa.