Ainara Antxia Pinillos Legazpiko moda diseinatzaile gaztea ez da izan txikitan panpinei arropak egiten zizkien horietakoa, diseinatzen eta josten Bartzelonan egindako unibertsitate karreran ikasi duela aitortu du. Orain arte egindako ibilbide laburrean, Ainara Antxiaren izena ezaguna egiten hasi da modaren mundu zail honetan, eta desfilez desfile dabiltza haren lanak. AAIN Collection marka ere sortu du.
Zergatik aukeratu zenuen moda?
Txikitatik asko gustatu zait marraztea eta ilustratzea, aitarekin asko marrazten nuen, eta ikasketak aukeratzerakoan, argi nuen diseinuarekin zerikusia zuen zerbait izango zela. Unibertsitate karrerak begiratzen hasi nintzen, diseinu grafikoa, moda, Arte Ederrak… Eta azkenean moda aukeratu nuen. Bartzelonan ikasi nuen. Lau urteko karrera da, baina nik bost urtetan egin nuen, azken urtea proiektua egiteko utzi nuelako.
Zer ikasten da moda diseinuan?
Etxean amona beti josten ikusi badut ere, unibertsitatera joan nintzenean ez nekien ez josten ez patroiak egiten, josteko makina sekula hartu gabe nengoen… Karreran, josten, patronatzen, diseinatzen… dena ikasi behar izan dut.
Moda munduan unibertsitatean eta Bartzelonak murgildu zinen, hortaz.
Bartzelona hiri handi bat da, eta gauzak desberdinak dira, beste estilo batzuk ikusten dituzu, asko gainera. Eta nik neuk han aurkitu dut neure estiloa ere.
Eta nolakoa da zure estiloa?
Nahiko urbanoa da, askotan janzten ditut mutilen gauzak, aitonaren amerikanak, vintage estilokoak. Modernoa eta lehengoa konbinatzea gustatzen zait.
Nota altuarekin amaitu zenuen.
Bai, proiektuan bilduma bat sortu behar genuen, eta hura egindakoan desfile batean aurkeztu. 20 ikasle ginen 2019ko promozioan, eta bigarren saria irabazi nuen, oinetako diseinuko ikastaro bat. Pandemiagatik ez nuen amaitu, baina oso esperientzia polita izan zen.
Zein izan zen zure proiektua?
Zortzi look egin behar genituen, hau da, goitik behara janzteko zortzi konjunto, 77-bat prenda guztira: prakak, txaketak, jertseak, txamarrak… Lehenik diseinatu egin nituen eta portfolio bat sortu, eta oihalak ere aukeratu eta muestrario bat egin nuen. Gero, diseinu horien patroiak atera nituen, eta haiekin, kalitate baxuko oihalekin prototipoak atera, azken ukituak eta zuzenketak egiteko, eta bukatzeko, oihalak erosi eta josi. Nire lanetan ilustrazioak ere sartu nituen, oihalaren gainean zuzenean marraztuta, mihise bat izango balitz bezala. Azkenik, desfilea etorri zen, modeloek arropak probatu eta gero.
Nolakoa zen bilduma?
Six ninety six izena jarri nion, nire jaiotze datari erreferentzia eginez: 1996ko ekainaren 6koa naiz. Ukitu pertsonala eman nahi nion, eta nire aittittek eramaten duen Elosegi txapela oso presente dago, Euskal Herriko jantzi tradizionalari ere keinu bat egin nahi niolako. Horregatik dago look guztietan txapel bat, eta horiei erantsita tul bat, aurpegi aurrean geratzen dena. Tulean nik egindako ilustrazio bat brodatu nuen, beste aurpegi bat izango balitz bezala.
Sari gehiago ere eman dizute lan horregatik.
San Frantziskoko nazioarte mailako lehiaketa batera aurkeztu nuen eta hautatua izan nintzen. Bi look eraman nituen, desfile batean erakusteko, eta ni ere joan nintzen. Ez nuen saririk irabazi, baina esperientzia ikaragarria izan zen.
Ikasketak eta gero, lanean ibili zara.
Urtebete egin dut Bartzelonan, Mango Kids enpresan, diseinatzaile gisa. Arropa komertziala da, baina oso gustura egon naiz, umeen arropa oso dibertigarria delako. Arropa diseinatzeaz gain, diseinatzaile grafiko bezala ere lan egin dut, kamisetetako marrazkiak egiten.
«Bartzelona hiri handi bat da, beste estilo batzuk ikusten dituzu han, eta nik neuk ere neure estiloa aurkitu nuen»
Zure lan propioak ere sortu dituzu.
Pandemian telelana egin nuen, eta tarte horretan nire ahizpa Leirerekin batera nire marka propioa sortu dut, AAIN Collection. Kolonbian eta Venezuelan hitz egiten den wayuu hizkuntzako aa’in hitzetik hartuta dago, eta indarra, arima eta borondatea esan nahi du. Horrez gain, nire izenarekin ere ondo lotzen da, eta konbinazio bat egin nuen.
Nolako arropa da AAIN markakoa?
Arropa komertziala da, kamisetak, sudaderak… Unisex da, adin guztietarako. Nire arropak ez du generorik ez adinik, mundu guztiarentzat eskuragarria da. Nik egindako ilustrazioak ditu, kamisetetan eta sudaderetan. Internet bidez saltzen dugu: www.aaincollection.com.
Marka indartzen ari zara lanean orain.
Bartzelonako lana amaituta, Legazpira itzuli nintzen eta Donostiako Tabakalerak martxan duen Kutxa Kultur Moda programan sartu nintzen, urtebeterako. Karreran zure alderdi sortzailea lantzen duzu, baina marka kudeatzeko ez dituzu hainbeste tresna jasotzen, eta Kutxa Kultur Modarekin beste alderdi hori garatzen laguntzen dizute. Hemen, noski, AAIN markarekin ari naiz lanean.
Desfileetako arropa ez duzu baztertu.
Ez. Programak zure jantziak erakusteko aukera ere ematen dizu, eta urriaren 21ean Balenciaga museoaren 10. urteurreneko ekitaldien barruan antolatutako desfile batean parte hartu nuen, lehen bildumako lan batzuekin. Hurrengo egunean Garberan izan nintzen beste desfile batean, eta hara kutsu bereko arropa baina ukitu komertzialagoa duena eraman nuen, nire kamisetak eta sudaderak beste bildumako sorkuntzekin konbinatuta, mix bat eginda. Azken batean, nire lanak saldu egin nahi ditut.
Zertan ari zara orain?
Beste prenda batzuk sortzen ari naiz, zirak eta txapelak, eta horiek datozen asteetan aterako ditut. Zirek nire ilustrazioak eramango dituzte.
Aurrera begira zein asmo duzu?
Nire marka hazten joatea nahiko nuke. Eta lanean eta ikasten jarraituko dut, ikastaroak eginez, material berriak ezagutuz… Etorkizunean denda fisiko bat izatea ere nahiko nuke, Donostian, Bilbon… ez dakit, eta webguneko salmentarekin partekatuko nuke.
Zer esaten dizute ingurukoek?
Familia eta lagunak nire Fan numero uno dira. Kolekzio guztia dute erosita !