Lagun batzuei eta lankide bakan batzuei adierazi izan diet, gehienetan harrituta, esateko moduak, esaldiak eta hitzak boladaka doazela. Adibidez: noiztik erabiltzen da «deskantsatu» edo «atseden hartu» agur moduan? Aurrenekoz esan zidatenean, pentsatu nuen: «Joño! Honek zer uste du? Lantegi batean pisuak altxatzen eta garraiatzen aritzen naizela?». Baina geroz eta ohikoagoa bihurtu da, eta uste dut badakidala gurean zergatik esaten den hainbestetan: teoriaren arabera zaintza eta bizitza erdigunean jarri behar direlako, noski. Baina ez ote ditugu terminoak, usatuaren usatuz, edukiz husten? Horra nire kezka errekurrenteenetako bat.
Hara! Aipatu dut beste termino horietako bat: «kezka». Gaur egun, erreparatu baldin badiozue, jende mota edo jendarte jakin batek hitzetik hortzera darabil. Izan daiteke norbait «kezkatuta» dagoela bere senide bati gaixotasun bat atzeman diotelako, edo kontzertuetan ikus-entzuleek jada pantaila batetik ikusten dituztelako musikariak. Batarengatik amesgaiztoak eduki ditzakegu, eta bestearengandik, gehienez, txalo erraza jasotzeko zerbait idatziko dugu Twitterren. Halere, termino bera erabiltzen dugu. Agian ez da beste hitzik egongo, ez, baina erabilera batzuk saihestearren ezin ditugu, beharbada, ideiak beste modu batean planteatu?
Itxaron, badakit zer erantzungo didazun: «Animo!». Zer gertatzen zaio jendeari horrekin? Ez dakizunean zer esan, esan ezazu «animo!», ados, baina aizu, utz iezadazu esaten sekulako txirotasun kontzeptuala erakusten dugula modu horretan. Hori da pelikula bat ikusi eta lagunak «interesgarria» iruditu zaiola esatea bezala. Uste nuen bagenituela tresna gehiago zehatzagoak izateko; edo, agian, nahita, kontzienteki, egindako hautua da… Ezetz esango nuke. Hitz horien aukeraketak erantzuten diola gehiago moda bati, komunitate jakin bateko guruek edo liderrek egindako imitazio ariketa bati. Edo alferkeria izango al da?
Adibide gehiago: «pertinentea», «lanketa», «ardura»… Eta bada bat azken asteetan top 3-ra iritsi dena: «Egun ona izan!». Hau da, have a nice day-ren itzulpena. Nik uste nuen «gero arte», «agur», «ondo izan» edo «ondo ibili» esatearekin nahikoa zela. Tira… Utz iezadazue, batere garraztasunik gabe eta harriduratik, hautu horien guztien kutsu hortera azpimarratzen.