Denboraren lorratzak neurtzen eta itsasoarrei adierazten hiru mende egitera doa Itsasoko San Bartolome elizako kanpandorreko erlojua. 1730ean egina da, Itsasoko udal webgunearen arabera; baina 1763an jarri zuten, agiri batean jasotzen den ordainketa ziurtagiriaren arabera. Dena dela, Gipuzkoako erloju mekanikorik zaharrenetakoa da.
Eliza bera da antzinakoa, tenpluaren sarrera nagusiak adierazten duen bezala. Erdi-puntuko arkiboltadun atalburua 1300. urtean egina da, erromaniko berantiar estiloan. Itsaso herri-izenaren lehenengo aipamen dokumentala baino mende bat lehenagokoa, hain justu. Inguruko kontzeju eta elizate txikiek osatutako Areria izena, ordea, 1027an aipatzen da.
Erlojua 1763an kokatutakoa dela dio Itsasoko argia webguneko ikerketa batek. Juan de Atendizabalek, urte hartan, Urretxutik etorri eta jarri zuen martxan. 1.500 erreal ordaindu zizkioten ordulariagatik bakarrik; aparte kostatu ziren mekanismoaren euskarria, sokak eta pisuak. Giltzapetutako kaxa baten barruan jarri zuten erlojua.
Oparotasun garaia
San Bartolome elizan berrikuntza, handitze eta lan handiak egin zituzten erlojua jarri zuten garai beretsuan. Ekonomikoki garai aberatsa zen seinale. Absidea eta izardun ganga 1721ean eraiki zituzten, eta erretaula ere garai berean birkokatu zuten; 1725ean, korua; 1747an bobeda barrokoak, zutabeak eta kontrahormak altxatu zituzten, Miguel de Salazan arkitektoarekin; eta 1758an sakristia eraiki zuen Martin de Carrera arkitektoak.
Beste herri askotan bezala, udal autonomiaren ikur bilakatu zen eliza Itsason ere. Bi mende lehenago, 1525ean Lazkaoko jauretxearen menpetik irten zenean eta bertako baliabide ekonomikoak beretzako kudeatu ahal izan zituenean, hasi ziren Itsason eliza handitzen eta hornitzen. Erretaula nagusia 1550 inguruan egin zuten, eta Juan de Lizarraldek 1575ean edertu zuen, urreztatu eta taila polikromatu batzuk erantsita.
Diru oparotasuna izan bazen erlojua jartzen lehenetarikoak izatearen eragilea, pieza historiko horren amaiera ere arrazoi berak ekarri zezakeen. 1960ko hamarkadan kentzekotan izan ziren eta galtzeko arriskuan egon zen, ordulari berria jartzeko aurrekontuak eskatu baitziren. Baina kostu handia zuela eta, bere horretan geratu zen, eta hala mantendu eta kontserbatu da gaur arte.
Hainbat herritar arduratu izan dira XVIII. mendetik erlojua zaintzeaz eta doitzeaz. Gaur egun Asier Sasieta igotzen da astero, eta asteroko minutu atzeratzeak eta aurreratzeak, taulak, zifrak eta kalkuloak ere jasotzen ditu.