Goierriko Azoka plataforma digitalak sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko du abenduan tokiko kontsumoa eta herrietako denda eta negozioetan erosteak duen garrantziaz jabetuarazteko.
Goierriko komertzio, zerbitzu, ostalari eta ekoizleen eskaintza webgune bakar batean eskuragarri jartzea helburu duen plataforma digitala da Goierriko Azoka. Horren bidez, eskualdeko negozioei erakusleiho digitala eraikitzen lagundu nahi diete ekimenaren sustatzaileek, «bezeroen eta negozioek eskaintzen dutenaren arteko distantzia klik batekin gainditzeko». Kontsumo lokala gaur egungo kanal berrien bitartez bultzatzea posible dela erakutsi nahi du Goierriko Azoka proiektuak, goierritarrei, edonon daudela eta nahi dutenean, Goierriko produktu eta zerbitzuen inguruko informazioa eskainiz. Zenbait kasutan, erosketak webgunetik bertatik egiteko aukera ere ematen du. Proiektua Berrabiarazitik sortutakoa da, eta udalek finantzatzen dute.
Abendua gainean da, eta Goierriko Azokaren sustatzaileen iritziz, «oso garrantzitsua» da garai honetan tokiko kontsumoa eta herrietako denda eta negozioak goraipatzea. Hori dela eta, spot baten difusioaren bitartez sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko da datozen egunetan. «Goierriko Azoka kontsultatzera eta erosketak Goierrin egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak, bertako ekoizle, ostalari, merkatari eta zerbitzuei laguntzeko». Era berean, spot horren zabalpenean laguntzeko deia ere egin diete herritarrei.
Denda fisikoaren osagarri
Goierriko Azokak denda fisikoen osagarri digitala izateko bokazioa du, denda edo bulego tradizionalek duten garrantzia alde batera utzi gabe. «Pandemia garaian egindako hausnarketen ondorioz ulertu dugu bertako kontsumoa bultzatzeko eta erosketa kanal berriak erabiltzen dituzten kontsumitzaileengana iristeko ezinbestekoa dela medio digitaletan ikusgarritasuna lortzea». Platafomaren sustatzaileen esanetan, «digitalizazioa ukaezina den erronka batean bihurtu da arlo guztietan», baita eskualdeak duen balioa bultzatzeko ere.
Plataforman kontsulta egitera eta erosketak Goierrin egitera bultzatu nahi dituzte herritarrak ‘spot’ baten bidez
Isla Pitxiak tailerrekoek aukera asko ikusten dizkiote plataformari, eta lehen emaitzak ikusten hasiak dira dagoeneko
Goierriko Azokak bi baliabide eskaintzen ditu webgunean: erakusleiho digitala eta salmenta modulua. Aurrenekoak, negozioaren izena eta zeregina, logotipoa, argazkiak, eskaintzen diren zerbitzuen edo produktuen deskribapena, kontaktu datuak eta establezimenduaren ordutegia ikusteko aukera ematen du. Bigarrenak, berriz, goierritarrei erosketak egitea ahalbidetzen die. Kasu hauetan, establezimendu bakoitzak bere politikak ditu, eta kontsumitzailea eta saltzailea kontaktuan jartzen dira. «Horregatik diogu Goierriko Azoka denda fisikoaren osagarri dela».
Bezero berriak erakartzeko tresna
Isla Pitxiak da Goierriko Azoka plataforman parte hartzen ari den negozioetako bat. Aizpea Lasak, Maite Salutregik eta Jone Urainek elkarlanean sortu duten proiektu bat da, eta Itsason dute tailerra. «Gure portzelanazko belarritakoak ezagutarazten hasi nahi genuen, eta plataforma hau egokia iruditu zitzaigun eskualdeko jende gehiagorengana iristeko». Haien esanetan, Goierrin dagoen eskaintzaz jabetzeko «tresna baliagarria» da Goierriko Azoka. «Gizartea gero eta kontzienteagoa da gertu erosteak duen garrantziaz, baina oraindik ere ez ditugu inguruko proiektu asko eta asko ezagutzen».
Mundu digitalak «zuzeneneko esperientzia indartu» dezakeela uste dute. «Interneten onurak baliatuz gure erakusleihoa edonon eta edonoiz eskuragarri dugu, eta aldi berean, Itsasoko gure tailerrera etorri eta piezak bertatik bertara eagutzeko aukera eskain dezakegu». Merkatu birtual batean egoteak «beste profil bateko bezeroengana iristeko» balio izan die. «Salmenta digitalak modu eroso eta errazean eskain ditzakegu orain inbertsio txikia eginda. Gure kanal nagusia azoka bada ere, garrantzitsua iruditzen zaigu bezeroei Internet bidezko erosketak egiteko aukera ematea. Dagoeneko emaitzak ikusten hasiak gara», nabarmendu dute.
Plataformako partaide izateak eskualdean dagoen «aberastasunaz eta geuk eskain dezakegun balioaz jabetzeko» balio izan die. «Goierriko Azoka negozioek mundu digitalean ikusgarritasuna izaten hasteko tresna aproposa izan daiteke, baita proiektuen arteko elkarlana sustatzeko ere». Bezeroei ere deia egin diete: «Egiten dugun aukeraketa bakoitza bultzada izan daiteke inguruko negozioentzat».
Instagramen jarraitzaile egiteko deia
Goierriko Azokaren sustatzaileek profil bat dute sortua Instagram sare sozialean (@goierriko.azoka), eta hori baliatzen dute webguneak dituen azken berriak zabaltzeko. «Goierritar guztiak animatzen ditugu profil honen jarraitzaile egitera». Profil horren helburua Goierriko Azokan parte hartzen duten negozioei ikusgarritasun gehiago ematea da, haien Instagram profiletan egiten dituzten argitaratzeak elkarbanatuz.
Asteko laburpena ere egiten dute, eta Goierriko Azokan dauden denda eta negozioen asteko informazioa zabaltzen dute. Profil honetara mezu pribatu bat bidaliz, Goierriko Azoka webguneko lantaldearekin kontaktuan jartzea posible ere bada. «Edukiak partekatzeaz gain, kontsumo lokalari buruz sentsibilizazioa sustatzea du helburu, bertan kontsumituz gertukoen ongizatearen eta ametsen alde egiten baituzu».
Harremanetarako
- Posta elektronikoa: info@goierrikoazoka.eus
- Telefonoa: 843 73 99 88
- Webgunea: www.goierrikoazoka.eus
- Instagram: @goierriko.azoka