Betidanik izan naiz kontziente norbanakoaren eta taldearen artean sortzen diren tentsioez. Taldeek homogeneizaziorantz jotzen dute, eta beti aurkitzen dute arrazoiren bat, norbait desberdina dela esateko: jatorria, azalaren kolorea, sexualitatea bizitzeko edo sentitzeko era, itxura fisikoa, ideologia… Beti dago norbait, taldeari beste bat «ez dela normala» esaten diona. Honek zur eta lur utzi izan nau beti. Hau entzun dudanetan, taldekideei begira jarri orduko, denok anormalak garela iruditu izan zait. Baina ze arraio da normala izatea?
Eta kontuz!, ze taldeak norbait seinalatzen duenean… egoera konplexu eta delikatuak bizitzea tokatzen zaio markatu dutenari.
Bizitzak erakutsi dit, gizaki batzuk taldean daudenean bere gizatasuna galtzen dutela. Eta hori gertatzean, taldeak era bortitzean zigortzen du hautatua izan den pertsona.
Aurten 50 urte bete ditut, eta atzera begiratzean talde desberdinetan bizi izan ditudan gatazkak datozkit burura. Egia esan zortea izan dut, ez baitut sekula eraso fisikorik jasan. Baina maila emozionalean markatu nauten egoera desberdinak bizitzea suertatu zait, beste askori bezala. Guzti honek, taldeak baztertzen dituen pertsonengandik oso hurbil sentitzera eraman nau, beraietako bat izan bainaiz.
Eta egia esango dizuet, bere burua normaltzat daukatenak, pertsona susmagarriak iruditzen zaizkit. Horiek izaten baitira, behatza jaso eta guztia hasten dutenak. Aurrean dutenari horrenbeste begiratu beharrean, bere buruari erreparatuko baliote, ni bezain anormalak direla konturatuko lirateke, gizaki bakoitza harribitxi bat baita. Hau da nire sortzaile ibilbidearen hazia eta mamia. Honetaz dihardute sortu ditudan ikuskizun eta proiektu guztiek. Baita hurrengoak ere!