Eguberri garaian ere, loreek eta landareek toki berezia izaten dute. Gero eta aukera zabalagoa dago gainera. Gabonetako pinua da ohikoena, bai etxeetan, bai hainbat eta hainbat herritako plazetan eta guneetan ere, apaingarri bereziz dotoretuak.
Gaur egun gehien erabiltzen direnak artifizialak badira ere, «gogo eta gustu pixka batekin dotore apaindu daitezke», Beasaingo Hazia loradendako Haizea Zurutuzak nabarmendu duenez: «Apaingarriak norberak egitea da aukera bat, zuhaitzari ukitu modernoago bat emateko: makiltxoekin izarrak eginez, pinaburuak margotuz, egitura bereziagoa emanda, argitxoekin…».
Hala ere, Eguberri garaia dela iragartzen duten beste hainbat landare ere badaude, Eguberriekin lotzen diren berde eta gorri koloreari keinu eginez. Pazko lorea edo Ponsetia da ezagunena; landare berde-gorria. Zuhaitza jartzeko tokirik ez duenarentzat aproposa.
Pazko lorearen zaintzarako aholkuak
Pazko lorea bizitza laburrekoa denaren mitoari erortzen lagundu nahi du, berau zaintzeko gomendioak emanez. «Leku egokia bilatzea da gakoa: argitasuna edukitzea eta hezetasun pixkatxo bat edukitzea. Hori da tokirik onena. Epeltasuna behar du, baina bero-beroa ez. Gabonak pasa eta gero, ontzi handiago batera pasatu eta ongarri batekin laguntzea da luzaroago irauteko sekretua».
Landare gehiago ere bai
Klasikotik atera nahi duenarentzat, edo opari bat egin nahi duenarentzat, Pazko lorearen oso antzekoa den Princettia aukera ona da. «Gero eta kolore gehiago ateratzen ari dira. Txuria, hori-laranja aldera, fuksia kolorea, arrosa argiagoa…..».
Ardisia ere beste aukera bat da: neguan loratzen da, eta hosto berde eta bolatxo gorridunak ditu. «Bolatxo zurixkak izatea ere posible da. Leku handirik ez duenarentzat edo sarreretan jartzeko oso egokia da». Eta hirugarren aukera bat ere proposatu du Zurutuzak: kaktus siberiarra. «Berez, berdexkak dira. Eta udazkenean hasten dira tono gorrixkak, laranjak, moreak, zurixkak margotzen. Gabonak aldera, zilar-urre kolorekoak eta brillantinadunak merkaturatzen dituzte. Opari polita da. Ia-ia kasurik egin gabe hazten dira».