Kontsumo handiagoko garaia izaten da Eguberrietakoa, eta urtarrileko aldapa hain gogorra izan ez dadin, egin beharreko erosketak planifikatu eta aurrerapenez egitea gomendatzen du Kontsumobidek. Honela, behar diren gauzen zerrenda egitea baliagarria da neurri gabe eta alferrikako gastuak saihesteko. Era berean, saltokien artean prezioak alderatzea ere komeni da. Bestalde, erosketa bat egiterakoan, erositako produktuen tiketak eta fakturak gorde behar dira, baita haien beste edozein dokumentu ere (publizitatea, emate-agiria, merkataritza-bermea, etab), erreklamazio bat aurkeztu nahi izanez gero, beharrezkoak izango baitira.
Kontuan izan behar da, saltokiek ez dituztela erositako artikuluen itzulketak zertan onartu, horiek akastunak ez badira. Hau da, erositako produktua akastuna ez bada, bezeroak ez du produktua itzultzeko eskubiderik izango, beti ere saltokiaren publizitateak horrela eskaini ez badu.
Azkenik, produktuen etiketetan arreta jarri behar da; bertan agertzen den informazioa balio handikoa da: ekoizlea, banatzailea, produktuaren osaera, kontuan hartu beharreko alderdiak…
Internet bidezko erosketak
Herriko dendetan erosteak onura ugari ditu eta, azkarrena eta seguruena da. Baina, Internet bidez erosi nahi denean, aukeratutako dendaren webgunea segurua dela ziurtatu beharko da. Horretarako, kontuan hartu zerbitzari seguruko webguneen URL helbideak HTTPS:// hitzekin hasi behar duela. Giltzarrapo itxi bat edo giltza bat ere segurtasun adierazleak dira (URLaren ondoan edo nabigatzailearen behealdean). Giltzarrapoa irekita badago, litekeena da gunea ez izatea segurua.
Kontuz ibili enpresaren kokapenaren daturik ez bada agertzen webgunean eta ziurtatu enpresa benetan existitzen dela. Horrezaz gain, ziurtatu online dendak Interneten arriskurik gabe ordainketak egiteko aukera ematen duela.
Azkenik, kontuan hartu, online denda batean erositako produkturen bat atzera bota nahi izanez gero, 14 eguneko epea dagoela produktua itzultzeko, erabakia justifikatu beharrik gabe eta inongo zigorrik gabe.
14 eguneko epe hori kontratua sinatzean hasten da kontatzen, edo produktua jasotzen den egunean. Jakin ondo online dendak zer itzulketa-politika duen.