Patata tortillarekin edo beste hainbat jakirekin gertatzen den bezala, hizketarako gaia izaten dira kroketak. Kutixi hori eztabaidarako gaia izaten da askotan: norenak ote diren kroketarik onenak? Askoren erantzuna, amonarenak edo amarenak izaten da. Baina pixkanaka egoera aldatzen ari da, gizartearen bilakaeraren ondorioz, gero eta establezimendu gehiagok egin baitute janari aurre prestatuen aldeko apustua. Osagarri desberdinetako kroketak saltzen dituzten dendak ere badira.
Askorentzat irtenbidea izan da, Eguberrietan batez ere. Izan ere, buruhauste ugari sortzen dute kroketak egitea: orea arinegia atera dela, orea trinkoegia atera dela, zaporea eta testura dela… Horri guztiari gainera, kroketak biltzeak duen lana gehitu behar zaio. Duela gutxira arte, etxean egiten ziren kroketak, ia pentsaezina zen (batez ere adinekoen artean), dendan erositako kroketak jartzea. Zegama, Beasain eta Idiazabalgo Oiarbide harategiko Patxi eta Amaia Arangiz anaia-arrebek eta Beñat Goikoetxeak aitortu dutenez, kroketak euren harategian erosi eta etxean beraiek egindakoak direla esaten duenik bada. Kroketak erostea, bekatua bailitzan.
Baina, sukaldean egiteko gero eta denbora gutxiago hartzen den garai honetan, eta egindako kroketen kalitatea dela eta, gero eta ohikoagoa da kroketak erostea. Arangizen esanetan, «biek lana eginda, kozinatzeko denborarik ez da izaten, orduan janari prestatuarekin moldatzen saiatzen dira. Baina konfiantzazko tokia bilatzen dute». Gabonetan nabarmenagoa da hori: «Poteoan ibiltzea gustatzen zaigu, eta etxean beti berdina gelditzen da sukaldean».
Salduenak, urdaiazpiko kroketak
Frantziar jatorria duen kutixiak, nazioarteko eguna ere badu, urtarrilaren 16a. Gazta, odolki eta txistor lehiaketak egiten diren bezala, kroketarenak ere egiten dira. Oiarbide harategiak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen 2018an. Idiazabalgo harategian egiten ditu Amaiak, amaren ezinbesteko laguntzarekin. «Amak erakutsitako errezeta oinarri hartuta joan gara probak egiten. Familiako dastaketak egin izan ditugu, errezetarik onena aurkitu arte».
Urdaiazpikoarenak, onddoarenak eta Idiazabal Gaztarenak egiten dituzte. «Gehienak urdaiazpikoarenak saltzen dira». Duela hiru urte hasi ziren kroketak egiten «serio», Idiazabalgo harategia hartu zutenean. Urtean zehar, astean 2.000 kroketa egiten dituzte. Etxean egindakoak izatea da arrakastaren sekretua, kontserbanterik gabeak. Gainerako sekreturik ez dute eman. «Oso metodiko ibiltzen gara eta neurriak hartuta ditugu».
Kroketak biltzearen errezeta eman du: «Arrazionatzailearekin ematen diogu forma. Horregatik ateratzen zaizkigu denak forma berdintsukoak».
Denboraldi gorena oraintxe dute Oiarbide harategian, kroketaz gain beste elikagai batzuk ere prestatzen dituztelako, goierritarrei bizitza errazteko. Ardura handia du beraz Amaiak goierritarrentzako kroketak egiten.