Aitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria
Ez da gertatu zaharra. Sare sozialetan denbora-pasa nabilela, orain zenbait urte zendutako ezagun baten urtebetetze-eguna dela ikusi dut. Begiak iruzkinetara joan zaizkit, eta aurten idatzitako zorion-mezu bat aurkitu dut. Nire baitan zalantza sortu zait, ea jakinaren gainean lagunaren memoria ekarri nahi izan duen norbait den ala jakinarazpena jaso eta, hilda dagoela jakin gabe, besterik gabe zoriondu duen.
Gertuko pertsona batekin gaiaz hitz egin eta baietz, galdutako lagun baten horman ere urtero idazten dutela, behinola bizitakoa gogora ekartzeko edo. Mundu honetatik joandakoan bertan uzten dugun arrasto digitalaz aritu gara, zenbait kasutan propio gordetako tokia izan daiteke (bigarren kasuan bezala) eta beste zenbaitetan, berriz, desagerrarazi ezin izan den arrastoa. Mingarriagoa bigarrena, behin hil ondoren tartean behin munduari kendu zizkion egunak gogora ekarriko balizkio bezala. Antzerako sentsazioa sentitu izan dut elizarekin loturarik (eta kasu askotan sinpatiarik) izan ez dutenak hileta-elizkizunetan agurtzen ikustean. Eta hildakoak ezin ezer egin.
Mingarritik harago, beste kasu bat aipatu dit lagunak, orain urte batzuk hil zen beste lagun baten mugikor-zenbakian ezagutzen ez duen pertsona baten argazkia atera zaionekoa; badirudi hornitzaileak bere garaian baja emandako zenbakia beste pertsona bati esleitu diola eta harena da orain lagunari agertu zaion argazkia. Hiltzea bera nahikoa ez eta, gainera, ordezkatua izan.
Pertsona orok behar luke hildakoan berekin zer eta nola egin erabakitzeko eskubidea. Baita identitate digitalari dagokionez ere, sarean zehar geratuko den gure arrastoaren gaineko erabakiak hartzeko aukera izan behar genuke. Akaso, heriotza digitalaz hitz egin behar genuke, sarean ere nolabait hiltzeaz, alegia.
Isil nadin. Lehendik ere nahiko garesti irteten da hiltzea, ehorztetxeei kobratzeko ideia berri bat emateko.