Euskaraz dakiten gazteen zenbatekoak gorantz egin duen bitartean, erabileraren eboluzioak zalantzak eragiten ditu. Gazteriaren Euskal Behatokiaren datuei erreparatuta, 2004an, Euskal Autonomia Erkidegoan, 15 eta 29 urte bitartekoen erdiak baino ez zekien euskaraz. Hamabost urte geroago, aldiz, ia %80k.
Haritz Gorostidi Ordiziako Oianguren Institutuko euskara irakaslean ustez, ordea, «jakin gehiago jakingo da, baina erabili gutxiago». Bere ikasleen arteko harremanak, askotan, erdaraz direla baieztatu du. Halere, Maialen Iñarra Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak gogorarazi du eskolako euskara erabilerak «erraz» gainditzen duela eskolaz kanpokoa.
«Gertukoa urruti»
Kontzientzia falta da, Gorostidiren ustez, beherakadaren arrazoietako bat. Gainera, gehitu du, askotan, errua migranteei egozten zaien arren, bertako seme-alabak ere erdaraz bizi direla edo erdarazko joera handia dutela. Iñarraren iritziz, helduen ohiturek ere eragina dute gazteen jarreran: «Helduen munduan, erdara da nagusi, eta, beraz, ohikoa litzateke haurren eta gazteen artean ere euskararen presentzia minoritarioa izatea, oro har».
Euskara esparru berrietara iritsi dela uste duen arren, ikus-entzunezko eta bideo jokoen esparruetan, euskararen erabilera oso txikia dela ziurtatu du Iñarrak. Gorostidik, bestalde, euskal erreferenteen falta sumatzen du: «Beraien erreferente guztiak erdaldunak dira. Euskaraz, zerbait egongo da, baina urruti gelditzen zaie. Kuriosoa da, gertukoa urruti geratzen zaie». Sare sozialetan ere egoera ez da ona: gazte gipuzkoarren laurdenak baino gutxiagok erabiltzen du euskara sareetan Gazteriaren Euskal Behatokiaren arabera.
Gazte-identitatea eraikitzeko funtsezkoak diren eremuetan (lagunartean, harreman informaletan, mundu digitalean…) euskarak huts egiten duela eta horietara gerturatu behar dela dio Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak. Horretarako, euskaltzaleen sareak indartzea funtsezkoa da eta horretan jardun nahi dute Goierrin: «Tokian tokiko hizkuntza-aktibazioa proiektuaren baitatik, belaunaldi berriak hizkuntzaren aktibismo horretara batzeko gakoen bila aritu nahi genuke Goierrin, bertako gazteekin batera. Horretan ariko gara lanean datozen hilabeteetan».