Pilare Muxika Lopetegi • Itsaso
Itsasoko ondare txikiaren ikerketa eta katalogazioari bolalekuekin ekin genion 2016ko udan Anttoni Okariz Gorrotxategik eta biok. Zergatik? Sekulako jakinmina piztu zitzaigulako aurreko urteko Kizkitzako egunean, bazkaltzen ari zirenen artean, herriko bolatokien kokaguneak errenkadan botatzen hasi zirenean. Mahaia estaltzeko paperean idatzi behar izan genituen eta harriduraz galdetzen genien: Hainbeste? Benetan?
Guretzat aurkikuntza bat izan zen bolatea hain zabaldua zela jakitea, eta Itsason etxez etxe galdetu eta 22ren aztarnak topatu genituen. Ikaragarria denontzat. Herriko ezagunenez gain, hainbat etxeetan zirenen berri ere eman ziguten. Eta toponimia, argazkiak, material aztarnak, 1954ko ortofotoetako ebidentziak… ere aztertu genituen.
Esaten da bola jokoa dela herri kirol bakarrenetakoa lan jarduera batekin loturarik ez duena eta baita ezagutzen den jokorik zaharrena dela ere. Eta gurean, jendea elkartzen zen guneetan zeuden denbora-pasarako (herri-gune, auzo edo zozkera-gune, erromeri giro, benta, sagardotegi), baita herri-bideetatik gertu ere, baina, etxe batzuetan, zaletasuna medio, entrenamendu edota familia artekoen gozamenerako ere baziren, nahiz eta XX. mendean lehia arautuak ere bere lekua hartu zuen.