Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Norberaren egiak zabaltzeko leku perfektuak dira iritzi zutabeak. Balio dute salatzeko, kexatzeko, eskatzeko, barrenak husteko… Egunerokoaren lekua ere hartzen du tarteka, norbere buruarekin hitz egiteko tarte pausatua.
Iritzi zutabeek, baina, eginbeharra dute atzean, hitz egiteko gogoaren edo beharraren gainetik. Gainera, zerbait interesgarria edo zerbait esaten duen testua idazteko presioa dakar berarekin, eta hau loteria hutsa da: inspirazioak ez ditu, orokorrean, epemugak errespetatzen.
Gaurkoan arduratik natorkizue barrenak hustera, osasungintzako profesionalen osasunaz bereziki kezkatuta. «Ezin dut gehiago», «lur jota gaude», «gure lanak ez du ezertarako balio»… hori diote aztarnariek. Pediatrarengana joatean, berriz, «lehen arreta itolarrian» kartela. Zaintzaileak zaintzeko nahikoa baliabide ez, dirudienez. Lehentasuna ez delako zerbitzu publikoak indartzea, gutxi batzuen interes ekonomiko hutsak puztea baizik.
Dena den, arduragabekeria ez da soilik gutxi batzuen interesei begira osasungintzaren pribatizazioa bultzatzea, ez. Egungo eta azken 40 urteotako gobernuek ikuspegi estrategikoan ere huts nabarmena izan dute. Ez da inongo aurreikuspenik egon zerbitzu publikoen jarraikortasunari begira, prekarioak izan ala ez. Esaterako, ez da planifikazio minimorik izan bertako erizainen eta sendagileen formazioari begira. Horrek erizain falta ekarri du, baina baita ere euskaraz mintzatzeko gai ez diren sendagileak edota administrariak izatea. Epe motzeko interesak gailendu dira aginte makila dutenen artean (bai, makiladunak direlako), eta herri perspektiba minimorik ez da izan. Ez osasungintzan, ezta arlo finantzarioan, energian edota kulturgintzan ere. Herri mailan burujabe izateko tresnak galtzen ari gara, eta arlo komunitarioa, besterik ez dugu orain bertan.