Sendabelar estimatua da kamamila Euskal Herrian. Batez ere, tripako mina arintzeko erabiltzen da.
- Izen herrikoia. Kamamila / Mantzanilla.
- Izen zientifikoa. Matricaria chamomila L.
- Ezaugarriak. Urteko landare aromatikoa da, landare baxua. Oso adartsua da, eta adartxoak hosto berde finez inguratuak ditu. Mantzanilla biltzera joateko ohitura handia dago Euskal Herrian, sendabelar estimatua baita inondik ere. Mendian aurki daiteke gehienbat, baita larre freskoetan, urtegi bazterretan eta bide-ertz hezeetan, beti ere, egutera aldera ematen duten eremuetan. Europan –Balkanetan hain zuzen– eta Asiako lurralde epeletan du jatorria kamamilak, eta Amerikako eta Ozeaniako (Australian bereziki) eremu batzuetan bertakotzen ari da. Uda da biltzeko garairik egokiena. Egipziarrek, greziarrek eta erromatarrek antzina erabiltzen zuten landare bat da.
- Atal erabilgarriak. Loreak erabiltzen dira. Leku aireztatu eta lehor batean lehortzen jarri eta tarroetan gorderik urte guztiak erabil daitezke.
- Propietateak eta erabilpenak. Gehienbat tripetako minarentzat, haizeentzat, betekadentzat eta goragalearentzat erabiltzen da. Urduritasun, antsietate eta buruko min kasuetan, eta hileroko min, hileroko irregular eta ondoezean ere lagungarri izaten da.
- Infusioa: normalean, infusioan hartzen da: 6-8 lorerekin eginiko infusioa hartuz tripako mina arintzeko; begietako hantura eta konjuntibitisa garbitzeko; zauriak, ekzemak eta ultzerak garbitzeko ere erabiltzen da.
- Olioak eta okenduak: Kamamilarekin olioak eta okenduak ere egin izan dira mina dagoen tokietan igurtziak emateko.
- Kontraindikazioak. Ez dauka kontraindikaziorik, eta umeei ere eman dakieke. Hori bai, olio modura igurtziak emateko erabiliz gero azalean narritadurak eragin ditzakeela kontuan hartu behar da.