
Elkarte gastronomikoek indar handia izan zuten duela hamarkada batzuk, baina egungo gazteek beste aisialdi eredu batzuk nahiago dituzte. Pandemiaren ondoriozko neurriek ere ez diete mesederik egin.
Elkarte gastronomiko askok ez dute bere garairik onena bizi. Gizartea aldatu egin da eta gazte askok ez dute aisialdi mota hori gogoko. Gainera, koronabirusari aurre egiteko bete beharreko neurriek eta birusari beldurrak, bazkide askok elkarteetara joateari uztea ekarri du. Hala, elkarte gastronomiko askotan geroz eta bazkide gutxiago dira eta giroak behera egin du.
GoiBerrik lau beasaindar elkartu ditu Bareak elkartean, gaiari buruz hitz egiteko: Aitz-Zorrotz ehiza eta arrantza elkarteko Jesus Mari Ongai eta Aitor Mendizabal, Pelotazale Murumendi elkarteko Martin Urkiola eta Bareak elkarteko Enrique Prado eta Xabi Iraeta.
Garai batean oso zaila zen elkarte batean tokia lortzea. «Tokia lortzea zaila zen, garestia zen arren. Egun, ordea, baja asko daude eta ez dira plaza guztiak betetzen. Gehien gerturatzen diren gazteak haurrak dituztenak dira. Izan ere, toki bat behar dute ospakizunak egiteko edo lagunekin elkartzeko».
Hori dela eta, elkarte batzuetan bazkidelagunaren figura sortu dute. Bazkideek senitarteko edo lagun bat bazkidelagun izendatu dezakete eta horiek bere kasa joan daitezke elkartera. Bazkidelagunek ez dute kuotarik ordaintzen. «Bazkidelagun hauek elkarteak biziberritzen laguntzen ari dira, baina ohiturak aldatu dituzte: ez dira kozinatzera joaten, elkartzera eta pizza edo ogitarteko batzuk jatera baizik». Aitz-Zorrotz elkartekoek bazkidelagunaren figura kentzea erabaki zuten, ez baitzuten kontsumitzen.
Urrezko aroa
Pradok garai batean Bareak elkartean sukaldaria eta upategiko arduraduna zituztela gogoratu du. «Jatetxe baten modukoa zen. Egunero jendea etortzen zen bazkaltzera. Gure enpresetako bezeroak ekartzen genituen eta txundituta gelditzen ziren. Baina bazkideak zahartu egin ziren eta kontsumoa jaitsi egin zen. Egun, elkarteetan larunbatean eta igandean egoten da jendea. Ostiraletan elkartzeko ohiturak ere behera egin du. Hori dela eta, duela 20 urte baino gehiago bazkideen seme-alabei elkarteko ateak ireki genizkien. Izan ere, elkarte batek etortzen direnek bertan kontsumitzea beharrezkoa du. Kuotarekin ez da nahikoa elkarteari eusteko», azaldu du.
Horren eraginez, giroa aldatu egin da. «Gazte batzuk betiko bazkideak eta ohiturak errespetatzen dituzte, baina beste batzuk ez», gehitu du Mendizabalek. «Batzuetan elkarteek haurtzaindegi itxura dute, baina… Gure seme-alabak ere haurrak izan ziren. Ez da haserretu behar. Elkarteak ez dira haurrentzako tokiak izan, baina… Sagardotegietan ere berbera gertatu da: lehen ez ziren haurrak ikusten», dio Urkiolak. «Arazoa ez dira haurrak, gurasoak baizik», gehitu du Mendizabalek.
Gizartearen aldaketa
Iraetak eta Pradok gizartea asko aldatu dela diote. «Guk indarra galdu dugu eta gazteek ez dute elkartera hainbeste etortzeko ohiturarik. Astelehen, astearte eta asteazkenetan ez da jenderik ikusten, ez elkarteetan eta ez kalean. Ostegunetan eta larunbatetan kalea jendez gainezka egoten da, baina gainontzeko egunetan… Lehen ez zegoen horrenbesteko gorabeherarik. Gainera, garai batean elkarteetan lan handia egiten genuen. Egungo gazteek, ordea, ordaindu eta dena eginda ematea nahi dute. Garai bateko giroa ezagutu zuten, baina… Bizilagunen artean ere berbera gertatzen da. Lehen gu geu arduratzen ginen atariko kontuez, eta orain bertako errealitatea ezagutzen ez duen bati ordaintzen diogu dena egin dezan. Ordaintzen diogunez, denaz ahazten gara. Elkarteetan, zorionez, zuzendaritza dugu eta denok pasa behar dugu zuzendaritzatik».
Etorkizuna ez dute begi onez ikusten, batez ere pandemiagatik. «Berriro ixten bagaituzte, gurekin bukatuko dute», diote Ongaik eta Mendizabalek. «Aforoa murrizten badute, ez du merezi elkartea irekitzeak, dirua galtzen baitugu. Garbitzaileari ordaindu behar zaio, gainontzeko gastuak ordaindu behar dira… Murumendi urriaren 8an ireki genuen eta hilabete eta erdian 50 bat erreserba izan ditugu. Gutxi da», azaldu du Urkiolak.
Elkarte batzuetan bazkidelagunaren figura sortu dute, gazteak elkartera erakartzeko
Beldurra eta pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak direla eta, jende askok elkarteetara joateari utzi dio
Pradok ulergarria dela dio. «Gure elkartean egun batzuetan garbiketa norberak egin beharra du, sukaldean bi egon gaitezke gehienez, maskara jarrita eduki behar da… Batzuk erabateko normaltasunaren zain daude eta ez dira etortzen». Besteek arrazoia eman diote. Jendeak beldur apur bat duela aipatu dute: jende artean ibiltzeko beldurra.
Elkarte batek baino gehiagok gaizki pasako duela uste dute. «Gazterik ez duten elkarteetan gaizki pasako dute».
Zumarragako Eitza elkartea

Zumarragako Eitza auzoko Irrika elkartea, jendez gainezka, 2016ko San Isidro jaietako ekitaldi batean.
Goierri garaiko elkarte batzuetan ere kezkatuta daude. Joxe Mari Gabiria zumarragarra Eitza auzoko Irrika elkarteko bazkidea da. Elkarte hori 1973an sortu zen. «Elkarte gehienak garai hartakoak dira. Arrazoi sozioekonomikoak daude horren atzean: frankismoaren amaiera, askatasun egarria, gazteek diru pixka bat zuten… Elkarteetan askatasun egarri hori ase zitekeen: politikaz hitz egin, ekitaldiak antolatu… Urretxuko etxe-orratzean lau elkarte daude eta guztiak garai hartakoak dira».
Irrika elkartean ere askatasun egarria asetzeko aukera eduki zuten eta ekitaldi asko antolatu zituzten. «35 bat bazkide gara. Elkarte txikia da, baina berezia, auzo elkartea baita. Auzoaren dinamikarako oso garrantzitsua da. Herri txikietan ere elkartea dinamizatzailea izaten da».
Gabiria Aztiriko elkarteko bazkidea izan zen, Irrikakoa baino lehenago. «Umetan asko ibiltzen nintzen bertan, eta aukera izan nuenean bazkide egin nintzen. 12 bat urtetan bertako bazkide izan nintzen. Baina urrutiegi gelditzen zitzaidan. Handik etorri egin behar da afaldu eta gero… Herriko elkarte bateko bazkide egin behar nuela pentsatu nuen eta Irrikako bazkide egiteko aukera suertatu zen. Garai batean asko ibili nintzen Eitzan, aitarekin, eta aukera polita zela pentsatu nuen. Izan ere, beste elkarte batzuetan dagoeneko ez zegoen tertulia giroa zegoen. Duela bost bat urte egin nintzen bazkide», gogoratu du.
Bazkide izatearen abantailak
Elkarte bateko bazkide izateak abantaila asko dituela uste du. «Nire emaztea Etxarrikoa da eta senitartekoak etortzen direnean, etxean ez gara denok kabitzen. Gainera, lan egiten nuenean, etxera bidean elkartean gelditu eta bertan ordubete ematea asko gustatzen zitzaidan. Tertulia giroa asko gustatzen zait. Txikiteoa ez, ordea. Lehendik ezagunak zenituenak, elkartean lagunak bihurtzen dira».
Ez dute bazkide berririk lortzen, ordea. «Beste elkarte batzuetan ere hori gertatzen ari da. Gainbehera duela 10 urte hasi zela uste dut. Gazte jendeak beste ohitura batzuk ditu. Elkarteak askatasun eremu izan ziren eta egun askatasuna kalean dago. Lehen 23:00etan ia dena ixten zen eta elkartera joaten ginen. Orain elkarteak ez dira ezinbestekoak eta gazte jendeak beste toki batzuk aurkitu ditu. Duela urte batzuk garitoak modan jarri ziren. Ez dut uste elkarteak itxiko direnik, baina ez dute garai bateko mugimendua izango».
Hori guztia gutxi balitz, koronabirusak bazkide asko uxatu egin ditu. «Alarma egoera ezarri bezperan, elkartean egon nintzen. Ia 25 urte neramatzan lagun kuadrilla batekin ostiralero elkartzen. Ordutik, hiruzpalau aldiz bakarrik elkartu gara. Pandemiak eten egin digu hori. Elkarteak ireki zituzten, baina beldurra genuen. Gainera, elkartean musukoarekin egotea antinaturala da. Nola egingo dituzu keinuak musean? Aurten ez dugu batzar nagusirik egin, elkartea sortu zenetik lehen aldiz. Whatsappez konpondu dugu kontua», azaldu du.
Koronabirusak elkarteei kalte ekonomikoa ere egin die. «Jende gutxiago badoa, gutxiago kontsumitzen da. Elkarte batzuk kreditua ordaintzen ari dira oraindik. Elkarte batzuk galerak izango zituzten, ziur».
Brinkolako Armuño elkartea: landa auzoetako elkarteen ekarpena
Armuño elkartea ere auzo elkarte bat da, baina landa auzo batekoa: Legazpiko Brinkola auzokoa. Iñigo Gorospe bazkidea erreportajeko gainontzeko protagonistak baino gazteagoa da: 42 urte ditu. «20 bat urte daramatzat elkartean. Aita ere bazkidea da. Brinkolan kafe bat hartu nahi baduzu edo norbaitekin elkartu nahi baduzu, elkartera jotzen duzu. Baserritarron bilerak ere bertan egiten ditugu eta auzoaren izaera mantentzen laguntzen du. Jai batzordeak elkartean egiten ditu bilerak, jaietan taberna bezala irekitzen da, Aizkorrin Barrena mendi martxako parte hartzaileak hartzen ditugu, mus txapelketa antolatzen dugu, sanmartinetan afaria egiten da…». 40 bazkide dira. «Bazkide gehienak bertan jaio eta kanpoan bizi diren bizilagunak dira. Auzoarekin lotura mantentzeko modua da. Bazkide kopuru aldetik ez gabiltza gaizki. Auzo txikia dela kontuan izanda, ondo gaude». Baina bazkide gehienak adinekoak dira. «Media 50 urtetik gorakoa izango da. Ez dut uste 40 urtetik beherako bazkiderik dagoenik».
Azken urteetan giroa aldatu egin dela uste du. «Lehengo zaharrek beste saltsa bat izaten zuten: afari gehiago egiten ziren, adibidez. Orain, astean zehar etortzen direnak, telebistari begira egoten dira. Asteburuetan, bai, asteburuetan kuadrilla bazkariak egoten dira. Elkarte lasaia da». Elkartearen etorkizunak ez du kezkatzen. «Ez dugu sekula horri buruz hitz egin. Dena den, azken urteetan bazkide kopuruak behera egin du. Azken urteetan ez da inor sartu. Gu sartu ginenean, urtero pare bat lagun sartzen ziren». Bere lagunetako batzuk herriguneko elkarteetako bazkideak dira. «Ez dakit kaleko elkarte baten eta Brinkolakoaren artean alderik dagoen. Beharbada, kaletarrek elkartea eskuragarriago dute: kalean zaudela, elkartean ogitarteko batzuk afaltzeko, adibidez. Nik afari gutxi egiten ditut elkartean. Baina lanera joan aurretik edo nonbaitera abiatu aurretik, bertan hartzen dut kafea. Gutxitan etortzen naiz egotera».