Artisau erako garagardogintzaren aparraldiak bertako lehengaia lantzeko beharra jarri du mahai gainean. Lupulua (Humulus lupulus) da ezinbesteko gai hori, zehazki lupulu landarearen lore emetik ateratzen den lupulina substantzia. Euskal Herriko garagardogileak, baserritarrak eta Neiker ikerketa zentroa azken bost urteotan ari dira bertako lupulua lantzen eta ikertzen. Baina horren ezaguna ez dena da, duela 75 urte ere landatzen zela lupulua Goierrin.
II. Mundu Gerraren ondoren izan zen. Alemaniak gerra galdu ondoren, handik etortzen zen lupulurik gabe geratu ziren Espainiako estatuko garagardo lantegiak. 1945ean, Estatuak berak bultzatu eta arautu zuen lupulu landaketa. 1958ra arte, Gipuzkoan 10 hektareatan egon ziren lupulu sailak. Hogei bat urte iraun zuen denera, 1968rako desagertu ziren Hego Euskal Herrian.
Gipuzkoan aurreneko landaketak Hernanin jarri zituzten, Urumea ibaiaren erriberetan. Esperientzia onuragarria izan zela ikusita, 1949an lupulu landaketak zabaltzen hasi ziren. Iñaki Sanz-Azkuek ikertu du euskal lupulu landaketa historikoa gehien (Argia, 2017-1-15), eta haren arabera 1950erako Hego Euskal Herrian 20.000 lupulu landare zeuden, 225 nekazariren ardurapean. «Bizkaian, Araba iparraldean eta Nafarroako Goizueta herrian eta Baztan, Arakil eta Iruñeko bailaretan ere ezarri ziren. Gipuzkoako hogei herritara ere iritsi zen: Hondarribia, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Orio, Gabiria, Mutiloa, Azpeitia, Mutriku, Oñati…», dio Sanz-Azkuek.
Zortzi metro altuko landareak
Lurpeko sustraietatik, 6-8 metroko altueraraino hazten da lupulu landarea. Pujatik ateratzen zen, ez ereinda. Udaberri hasieran landatzen zen, eta arba edo parra luzeetan gora hazten zen, indaba bezala, aihen igokaria den heinean. Abuztu erditik irailaren erdira ematen zuen lorea, eta orduan izaten zen biltzeko garaia, ondo zaindu beharrekoa. Lehortu egiten zen gero lorea, hasieran baserrietako ganbaretan, eta geroago, emaitza oso onik atera ez zenez, estatuaren lehortegietara bidalita.
Gaur egun, itzuli da lupulua landatzeko ohitura. 2018an, Villabona inguruko nekazariak mota desberdinekin hasi ziren proban. 2019ko irailean, Neiker bertako lupulua garagardogintzan txertatzeko ikertzen ari zen. Barietate ugari daude, baina Euskal Herrian bada bertako lupulua ere, erreka ertz eta gune heze epeletan berez etortzen dena.