Toti Martinez de Lezeak gustuko ditu Goierriko musikariak. Udan ‘Sorginak eta sorginkeriak’ proiektua abiatu du Gorka Hermosa eta Edurne Zabalorekin, eta Zerainen Zabalo izan du berriz ere ondoan, Ainhoa Enatarriagarekin batera.
Edurne Zabaloren klarinetea eta Ainhoa Enatarriagaren pianoa Toti Martinez de Lezea idazlearen hitzen konplize bihurtu ziren Zerainen, azaroko kultur programazioaren barruan mitologiari eskainitako saioan. Legazpiko bi musikarientzat eta idazle arabarrarentzat esperientzia «bikaina eta paregabea» izan zen, eta are gehiago ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten ikusle pribilegiatuentzat.
Mitologiaz hitz egiteko zeraindarrek Zerainlab elkartearen bitartez Toti Martinez de Lezeari egindako gonbidapenarekin hasi zen hirukotearen elkarlana. Idazleak hain ondo ezagutzen duen gaiari buruzko zazpi pasarte prestatu zituen, eta Zabalori eskatu zion laguntza, bere hitzaldia musikarekin janzteko, aurretik ere elkarrekin jardundakoak zirelako beste ikuskizun batean. «Lamiei, sorginei edo herensugeei buruzko kontakizunek beste dimentsio bat erakustea zen helburua», klarinete jotzaileak azaldu duenez.
Zabalok berak aukeratu zituen musika piezak Martinez de Lezeak proposatutako gaiak girotzeko, eta Enatarriagari eskatu zion laguntza, pianoaren doinuekin «goxotasun gehiago» lortzeko asmoz. Biak Legazpikoak dira, txikitako ezagunak, musika eskola berean ikasiak, nahiz eta musikaren munduan bakoitzak bere bidea egin duen. Biak Legazpin bizi direnez, «entseguak egiteko erraztasunak» izan dituzte.
Denbora gutxi izan zuten saioa prestatzeko. Zabalok, musikari profesionala izanez, ez zuen aparteko zailtasunik izan, baina Enatarriagarentzat «erronka handia» izan zen, horrelako ikuskizunetan «ohitura falta» duelako. Idazleari, berriz, hizkuntzak jarri zion erronka, saioa euskaraz egin behar zuelako. «Totik badaki euskaraz, euskaldun berria da, baina bere genialitate guztia, bere esentzia guztia ez da ateratzen euskaraz hitz egiten duenean, ez da horren aske bere kontakizunetan».
Hala ere, oso nota altuarekin gainditu zuten hirurek Zeraingo proba, «ondo pasatzeko helburua guztiaren gainetik» jarri zutelako, eta aurrera egin zutelako: «Plazer bat izan zen. Oso polita izan zen, jendeari asko gustatu zitzaion eta guk ere oso ondo pasatu genuen».
Hiru artista mitologiak elkartuta
Edurne Zabalok ibilbide luzea du musikari gisa eta eszenatokiaren gainean. Klarinete interprete moduan orkestra handiekin eta beste musikari askorekin kolaboratu izan du. Zartzuela lanetan ere aritua da, eta Legazpi Musika Bandako kidea da gaztetatik. Horrez gain, psikopedagogia ikasia da, eta musikari lana irakaskuntzarekin partekatzen du. Gaur, klarinete irakaslea da Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan. Datozen asteetarako hainbat proiektu ditu esku artean, eta oso lanpetuta dabil, baina «musikari profesionalaren bizitza horrelakoa da. Hala ere, oso atsegingarria da».
Ainhoa Enatarriaga ere irakaslea da. Goierriko Tobera musika eskolan piano klaseak ematen ditu, eta orain lanpetuta dabil Andoaingo piano lehiaketarako ikasleak prestatzen. Baina azken urteetan organoari eskaini dio denbora gehien; Legazpiko elizako organo jotzailea da, eta instrumentu horren munduan murgilduta dabil, pianoa alboratu gabe. Legazpiko organo zikloen antolatzailea da.
Toti Martinez de Lezea idazle ezaguna eta emankorra da, eta euskal historia, kondairak eta mitologia ditu gustuko. Gai horien inguruko jakinduria eta hitz jarioa elkartuta, hitzaldi ugari eman ditu.
Hitzaldi horietan azkenetakoa Zeraingoa izan da. Ikuskizuna hiru artisten arteko elkarlan puntuala izan da, baina «ahaztezina» ere bai hiruentzat, eta, nola ez, Zeraingo elizan elkartu ziren ikasle haientzat guztientzat ere bai. Amaieran jo zuten Gorka Hermosa akordeoi jotzaile eta konpositorearen Amore doinu bereziak ere lagunduko zuen horretan.
‘Sorginak eta sorginkeriak’, bizirik dagoen proiektua
Zeraingo azaroko ikuskizunak baino proiekzio handiagoa du Zabaloren eta Martinez de Lezearen artean martxan duten beste proiektu batek. Horretan, Urretxuko Gorka Hermosa akordeoilariak osatzen du hirukotea. Goierriko bi musikari handi horien doinuak eta idazlearen hitzak elkartzen dira ikuskizun horretan ere, oraingoan sorginak eta sorginkeriak hizpide hartuta. Legazpin estreinatu zuten ikuskizuna aurtengo udan, eta Txillida Lekura ere eraman dute udazkenean. Proiektua bizirik dago, eta emanaldi gehiago etorriko dira laster.
Gertu-gertuan dauden herrikoak dira bi musikariak, urte berean jaiotakoak, eta profesionalak, baina Edurne Zabalo legazpiarrak eta Gorka Hermosa urretxuarrak ez zuten elkarrekin jo 2019ko udaberrira arte, Jesus Castillejok akordeoi jotzailea Legazpiko Musika Bandarekin jotzeko gonbidatu zuen arte. Elizan egindako kontzertuan ernatu zen bi musikari handi horien arteko elkarlana. Eta urte bereko azaroan plazaratu zuten elkarlan horren lehen emaitza, Txillida Lantokian egindako kontzertuan. Toti Martinez de Lezearekin osatutako hirukotea aurten sortu dute. Sorginak eta sorginkeriak izan dira aitzakia, eta izen bereko ikuskizuna, helburua.
Ordu eta laurdeneko emanaldia da, eta bertan Toti Martinez de Lezearen testuek «hegan egiten dute» Gorka Hermosak konposatu eta Edurne Zabalo klarinete jotzailearekin batera interpretatutako musikaren gainetik. Euskal mitologian leku garrantzitsua duten sorginen figura da hiru osagaiak josten dituen harietako bat, eta hiru artisten artean sortu den konplizitatea beste bat.
«Gure ikuspuntutik euskal emakumeen historia kontatzea da helburua, iragana eta etorkizuna». Hermosak eta Zabalok musika jartzen dute, lehenaren konposizioekin, eta idazleak, hitzak. Fusioa naturala izan da.
Bi musikariek jotzen dituzten piezek euskal sustraia dute, eta euskal erritmo desberdinak jorratzen dituzte. Horietako gehienak Hermosak aurrez konposatu dituenak dira, baina beste batzuk ikuskizun horretarako espreski sortuak dira. Zabaloren ekarpena lan horiei guztiei «klarinetearen ukitua» ematea da, Hermosaren konposizioen erritmoetara eta armoniara moldatuta. Toti Martinez de Lezeak, azkenik, sorginei buruz duen jakintza jartzen du ikuskizunean, eta musikaz lagunduta zer ziren eta zer ez ziren azaltzen du. Landareak, akelarrea, kondairak… baliatuz, emakumea euskal historian zer izan den, gaur zer den eta zer izango den kontatzen du.