Pop eta pop-rock doinuak modan jarri ziren 80ko hamarkadan, Madrilgo ‘movida’, pop britainiarra eta antzeko mugimenduei esker. Goierrira ere iritsi zen garai eta estilo horren oihartzuna, eta Beasaingo JZK taldea izan zen erakusle nagusietako bat. Pedro Luis Urangak, Juanan Rosek eta Patxi Iturmendik sortu zuten, 1983an. Ohiko gitarrez gain, garai hartan oso berritzaileak ziren teklatuak eta programazioak erabiltzen zituzten.
Aurreneko grabazioak berehala egin zituzten, eta 1984an argitaratu zuten aurreneko maketa. Harrera ona izan zuen garaiko irratietan, eta kontzertu ugari ematen hasi ziren. Konposizio berriak egiten ere jarraitzen zuten, ordea, eta urte berean bigarren maketa bat argitaratu zuten. Urte bukaerarako, soinu berriak bilatu nahian, taldea zabaltzea erabaki zuten, eta Amaia Apaolaza eta Fosfo Urteaga sartu ziren, hirukote zena boskote bihurtuz. Hurrengo urtean, 1985ean, Donostia Hiria Pop-Rock lehiaketa irabazi zuten, eta sari moduan, baita aurreneko diskoa grabatu eta argitaratu ere, JZK izenekoa. Zuzenekoez gain, telebista saioetan ere parte-hartzeak izan zituzten eta Espainiako Telebista Publikoan ere agertu ziren. Aparraldi betean zeudela, hartu beharreko norabidearen inguruan eztabaidak sortu ziren, eta 1987an banantzea erabaki zuten, gehienek ere, beste proiektu musikal batzuetan jarraitzeko.