Badira 35 urte Luzio Gabiria Alustiza (Gabiria, 1923 – Zumarraga, 1986) bertsolaria, jartzailea, epailea eta bultzatzailea hil zela, baina piztuta dirau harekiko oroimenak. Lehengo igandean, Zumarragan, 34. bertsolari jaialdia egin zen haren omenez. Marka sakona utzi zuen herriko eta eskualdeko bertsolaritzan, egindako golde lanaren seinale.
Gabiriako Bekoetxe baserrian jaioa 1923ko apirilaren 22an, lagunarteko bertsogintzan trebatu zen. Bertsolaria izan zen, aurrena. Aztiria auzoko jaietan kantatu ohi zuen, eta berak irabazi zuen 1973ko ekainaren 23an Gabirian jokatu zen herriko bertsolari txapelketa, Euxebio Igartzabalen omenaldikoa.
Benetako lorratza, ordea, antolatzaile edo sustatzaile bezala utzi du. Zumarragan hasi zen bertsolaritza ereiten. 1961ean, Galeperra elkarteko zuzendaritzan tokatu zitzaionean, hasi zen lehenengo bertso-afariak antolatzen, gazteentzat, txapelketa ukituarekin. Behin, han kantatzea ere egokitu zitzaion, norbait falta eta. Bertsolari onenaren saria eman zioten orduan.
Osinalde saria, poz iturri
Lauzpabost urtean mantendu ahal izan zen Galeperrako sariketa, zuzendaritza taldea aldatu eta lehentasunen artetik kendu zuten arte. Pena izan zuen Gabiriak. Euskaltzalea eta kulturazalea, bertsolaritzaren bitartez ongarritu zuen 1960ko hamarkadako Zumarragan euskarak eta euskal kulturak zeuzkaten gabezia, ahulezia eta oztopoak.
Berak asko uste gabe, Gabiria sorterritik iritsi zitzaion Galeperrako lanaren jarraipena. Euxebio Igartzabal eta lagunak Osinalde sariketa antolatzen hastera zihoazela eta, 1971n, berebiziko poza hartu zuen Luzio Gabiriak. Txapelketa hartan laguntzen ibili zen, gaiak jarriz edo epaimahaiko moduan. Beste sariketa askotan ere parte hartu zuen, jendetasuna, jatortasuna eta irekitasuna baliatuta: Idiazabalgo Zepain, Bizkaiko gazte txapelketan, Errenteriako Xenpelarren, Añorgako Orixen, edo Radio San Sebastianek irratiz egiten zuenean.
Xalbador txistukatuari omenaldia
Esan beharrik ez, Zumarragan eta inguruetan bera ibiltzen zen aurkezle, antolatzaile, bitartekari. Bada ekitaldi bat esanguratsua, Luzio Gabiriaren bertsolaritzaren neurria adierazten duena. Fernando Aire Xalbador oso gustuko zuen, eta 1967ko Txapelketa Nagusiko finalean txistuak jo zizkioten hartan, lehenbiziko omenaldia antolatu ziona Gabiria izan zen. Iseka lotsagarri hari zekien eran erantzun zion: bertsoz eta herriaren goxotasuna adieraziz.
1967ko abenduaren 10ean egin zuten Zumarragan Xalbadorren omenaldia, Itzalon zinema handia jendez mukuru zela; mila lagun bai. Bezperan etorri zen urepeldarra, eta Gabiria-Pikasarritarren etxean lo egin zuen. Laura Pikasarri emaztea lagun zuela, saio ugaritan ibili zen Luzio magnetofoiarekin grabatzen. 1976ko azaroaren 7an ere, jakina, Urepelen izan ziren, Xalbador omendua izan eta hil zenean.
Zumarragako Ereserkiaren letraren egilea ere Luzio Gabiria izan zen, 1967an. «Zumarraga, herri maite…». Euskaraz idatzi zuen, noski. Atsegina, gozoa eta langilea, herriak berak gogoratzen du eta kantatzen dio orain, urtero-urtero, hutsik egin gabe.