Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
World Wide Weba 1990ean sortu zen. Interneten garapenaren lehen urteetan, munduaren askatasuna, demokrazia eta atzeratutako herrien garapen tresna iraultzaile bezala irudikatu ziguten sarea hainbat intelektualek.
Ondoren, kapitalismoa eta teknologia digitalaren ohiko bat-egite prozesua etorri zen. Harrezkero, mundua aldatu eta demokratizatu nahiaren inguruan hitz egiten zuten talentu handiko gazteek Apple, Google, Facebook eta antzeko enpresak sortu dituzte. Google munduko informazio guztia guretzat ezin hobe antolatzeko ideiaren inguruan sortu zen. Urte gutxitan, irabazi goseak akuilatuta, aurrekaririk ez duen aberastasun, informazio eta ezagutza bilketaren ondoren, gailurrean kokatuta daude. Eta orain gizarte globalaren antolakuntza optimizatzeko ametsarekin dabiltza.
Beraien esanetan: «Nerbio-sistema bat sortu beharra dago gizateria osoarentzako, ordena-gailuz osatutako makina-sistema erraldoi bat. Gure eguneroko esperientzia errealak, emozioak eta portaerak ezkutuan ikuskatzeko eta ondo xehatutako bakoitzaren erretratoak sortzeko». Eta segidan: «Gizonak eta emakumeak behatu ditzakegu eta portaera arau batzuk ondorioztatu. Populazio horietan, kolektiboak presioa eragiten du gizabanakoarengan, portaera arruntak jarraiarazteko eta artaldetik ez banantzeko. Azken finean, badirudi batzuk besteak imitatzeko jaioak garela, imitazioa baita giza existentzia definitzen duena». Psikologoek aspalditik ondo ezagutzen dute presio sozialak daukan indar arriskutsua menpekotasuna eta etsipena sortzeko.
25.000 milioi konputagailu eta tresna elektroniko adimentsu erabiltzen dituzte jada, presio sozialaren bitartez, gure portaerak moldatzeko eta parametro normal batzuetan sartzeko. Lehen modernitateak jartzen du garaia. Tradizio zaharraren arau eta zentzumenetatik aldenduz, zorionez, askoren bizitzak bereizten eta indibidualizatzen joan dira. Bizitza bakoitza, helmugak irekiak dituen ziurgabetasunez betetako eta esploratu beharreko espazio bat bihurtu da. Eta ez, beste batzuek ezarritako patu eta ibilbideeen mendetasunezko toki bat. Horrela, bere bizitzaren jabe eta arduradun den pertsona autonomo askea jaiotzen da. Nonahiko ordenagailu sistema honek arriskuan jartzen duena gizakiaren arrazoimen autonomoa bera da. Pertsona batez gehiago jakinda, errazagoa da bera kontrolatzea!
Ekintzaile heroiko hauek aitortzen digute gizakiok badugula pentsamen eta ekintza independienterako gaitasuna, baino negozioa handitzeko ez dute inongo axolarik hori dena alde batera uzteko. Gehienez ere, benetako arazoa izatekotan, noiz behinka «barne pentsamendu independiente» horiek tirabira iturri izatea, beraien proiektu manipulatzailea hondatzea litzateke. Badirudi aurre-ezarritako jokabide arruntetatik desbideraketa kasuak oso portzentaia txiki bat direla. Edo, gizabanako autonomo eta askea jada gertakari iragankor bat besterik ez dela.