Aurten ez Urretxun, ez Zumarragan, ez inon ospatu da Santa Lutzia azokarik. Ia 300 urte dira ganadu eta salgai feria hori Urretxuko hiribilduan egiten hasi zirena. 1727an aldatu zuten lekuz abenduaren 13ko azokagunea, urte hartako maiatzean Ordizian elkartu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiek hala erabakita. Aurreko urtera arte, 1726ra arte, Ezkioko Anduaga auzoan egin izan zen feria, Santa Lutzia ermitaren inguruan hain zuzen. Gertatzen ziren «abusuengatik», biztanle gutxiko parajeetan azokak ospatzea debekatu egin zuten.
Feria orokorra edo jenerala deitzen zitzaiona zen Santa Lutzitakoa, Anduagan egiten zenean ere. Mota guztietako abereak eta jeneroak saltzeko baimena zuten horiek, izan bertakoak, izan atzerritik ekarritakoak. Anduagako Santa Lutzia feriaz gain, Beasaingo Loinatzen ere egiten zen beste feria orokor bat, Azentzio egunean eta bigarrenean. Iturriotzen San Joan egunez eta Elosuan San Andresetan ere bai, beste batzuk. Oso antzinatik zetozen feria horien ohiturak, Pablo Gorosabelek dioenez.
Jakina, hiribilduek ere bazituzten beren feria nagusiak, Gipuzkoako lauk hain justu: Seguran, Arrasaten, Azpeitian (San Sebastian) eta Donostian (San Tomas). Gipuzkoako zortzi feria nagusietatik hiru, beraz, Goierrikoak ziren.
Gorosabelek dioenez, hiribilduetatik kanpo egiten ziren lau feria horien jatorria festa erlijiosotik zetorren. Hirietakoek ez bezala, ez dago errege-baimenik edo eskubiderik. Ermitaren inguruan, erromeria giroan gorpuztuak ziratekeen, Anduagakoa barne.
Gotzainaren kexuak
Santa Lutzi azoka Ezkioko auzoan zapuztearen eragile bat Iruñeko gotzaina izan zen. 1726an hara joan zenean, ez zitzaion gustatu nonbait jendearen portaera, gaua pasatzeko baselizaren aterpera biltzen zirenean batik bat. Autoritatearen errepresioa asko ahultzen zen halako leku irekietan, eta debekatzeko indarra eragin zien Batzar Nagusiei.
Iturriozko feria Asteasura lehenik eta Aiara gero eraman zuten, Elosukoa Bergarara, Loinazkoa Beasaingo herrira, eta Anduagakoa, Urretxura. Berez Ezkioko herrigunera aldatzea zegokion arren, hura ere leku apartean eta mendi aldera dagoenez, Urretxuko hiribilduak ez zuen pagotxa galtzen utzi. Gaztelako Kontseiluari feria hartzeko eskatu zion, baita onartu ere 1727-5-24an.
Urretxuk, hala, Santa Lutzi feria antolatzeko eskubidea lortu zuen. Azoka abenduaren 8an has zitekeen, gainera, eta hurrengo sei egunetan jarraitu.