![Korosti_dantza_taldea](https://goiberri.eus/site/files/2021/12/Korosti_dantza_taldea.jpg)
Taldeak 2007. urtean 25. urteurrena ospatu zuen eta oso emanaldi berezia izan zen. Argakia honetan justu taldea sortu zuten hiru pertsonei aurreskua dantzatzen ari gara. Sortzailetako bat gure aita izan zen eta aurreskua berari dantzatzea oso hunkigarria izan zen.
Amaia Aizpurua • Legazpi
Lau urtetxo besterik ez nituenean hasi nintzen dantzako lehen pausoak ikasten, Legazpiko Korosti dantza taldean, 1982an, gure aitak –Luis Mari Aizpuruak– Socorro Ibarretak eta Dani Garcia de Andoinek sortutako dantza taldean eta harrezkeroztik, nire bizitza ez dut dantzarik gabe irudikatzen. Lehenengo urte haietaz oroitzapen handirik ez dut, baina argi eta garbi esan dezaket, dantza taldeaz ditudan oroitzapen guztiak onak direla. Oso ongi pasatzen genuen entsaioetan. Eta baita entsaioetan ikasitako koreografiak herriz herri dantzari txiki egunetan erakusten ere. Dantzari txiki egunak izan ziren jendaurreko gure dantza emankizunak.
Ondoren etorri ziren bestelako dantza jaialdiak. Urtean hiru-bat emanaldi eskaini ohi genituen Euskal Herritik kanpo. Italiara, Frantziara eta Portugalera ere iritsi gara dantzari esker.
Ez nuke jakingo esaten zein dantza edo pauso kostatu zitzaidan ikastea. Ez daukat buruan zaila egin zaidan pausorik. Agian, Zuberoako Maskaradan edalontzira igotzea egin izan zailena. Bertigo pixka bat ematen zidan hasieran, baina azkenean beldurra kentzea izan zen gakoa. Eta lortu nuen.
Bigarren familia
Nire bigarren familia da Korosti dantza taldea. Gazteagoa nintzenean ordu gehiago pasatzen nituen dantzako nire lagunekin kuadrillakoekin baino. Eta orain, gaztetxoak nire umetxoak balira bezala hartzen ditut. Hori bai, dantza haurren kontua bakarrik ez dela aldarrikatu nahiko nuke. Gure taldean, adibidez, haurrak baino heldu gehiago gaude momentu honetan.
Beti izan dut gustukoa dantza egitea eta dantzari esker momentu polit asko bizi izan ditut. Momentu berezietako bat 2007 urtea izan zen. Taldeak 25. urteurrena bete zuen eta berezia izan zen. Batez ere bi momentu aipatuko nituzke: taldetik pasatako guztiekin eman genuen emanaldia eta bestetik udalak Olaria saria eman zigunean.
Abenduaren 29ko saioa
Taldeko emanaldi bereziena Gabonetan egiten dugun jaialdia izaten da. Urtero gai bat aukeratzen dugu, eta guztiz berria den jaialdia antolatzen dugu. Aurten ere, dena zalantzan badago ere, abenduaren 29an saiatuko gara egiten jaialdia. Denboraren makina ikuskizuna prest daukagu jaialdiaren 30. urteurrena ospatzeko. Iaz ezin izan genuen gure jaialdi preziatua egin eta faltan botatzen dugu! Ume txikietatik helduetaraino desiatzen egoten gara egun hori iristeko.