Duela urtebete inguru, sare sozialetan abesti ezagunen bertsioak egiten hasi zen Oihane Saez Murgiondo (Beasain, 2000). Jada, bere abestiak ere idatzi ditu eta, hilaren 11n, lehen kontzertua eman zuen bakarlari gisa Seguran.
Zer moduz joan zen lehen kontzertua?
Oso esperientzia polita izan zen. Amaieran, Euskal Herrian Euskaraz kantua abestu nuen eta jendeak nirekin batera abestu zuen.
Kontzertu gehiago emateko asmorik ba al duzu?
Momentuz ez daukat ezer itxita, baina bai. Gustatuko litzaidake hemendik aurrera kontzertu gehiago ematea.
Noiz hasi zinen abesten?
Txikitan musika eskolan hasi nintzen eta, han, biolina jotzen ikasi nuen. Gero, abesbatzan ibili nintzen. Baina, bakarlari bezala, duela urtebete inguru. Sare sozialetan abestien bertsioak igotzen hasi nintzen eta horrela sortu zaizkit aukerak.
Zure abestiak ere idatzi dituzu.
Bai. Hamabost edo hamasei urterekin, harmonia ikasi nuen musika-eskolan eta, ordutik, idazten aritu naiz. Halere, orain dela urtebete inguru hasi nintzen maiztasun handiago batekin idazten.
Zenbat abesti idatzi dituzu?
Momentuz, bukatuta lau edo bost dauzkat.
Zein gaietan oinarritzen dira abesti horiek?
Normalean, esperientzia pertsonaletan oinarritzen dira: nire kezkak, etorkizunari buruzko aurreikuspenak… Baita gai orokorragoak ere, jendeari gehiago iritsiko zaizkionak.
Euskaraz zein ingelesez aritzen zara.
Euskara da nire hizkuntza. Ezinezkoa zait euskaraz ez idaztea. Ingelesa ere ondo menperatzen dudan hizkuntza da, eta gainera, musika asko entzuten dut hizkuntza horretan. ingelesez abestera ere naturalki ateratzen zait.
Beraz, musika gehiena ingelesez entzuten duzu?
Bai, hori da. Euskaldunak ere bai, baina ingelesezko musika asko entzuten dut.
Fisika ikasten ari zara, baina musikan etorkizunik ikusten al duzu?
Lehenik Fisika amaituko dut. Uste dut fisikari moduan edukiko dudala lana, baina musika inoiz alde batera utzi gabe. Musikatik bakarrik bizi ahal izatea suertatuko balitzaidake, hori aukeratuko nuke. Baina, oso zaila denez, lana daukadan bitartean musika alde batera utzi gabe jarraituko dut.