Miren Estensoro Garcia • Ekonomia ikertzailea
Pandemia honen eragina ez da berdina izaten ari guztiontzat, eta ezta gure ekonomia osatzen duten sektore ezberdinentzat ere. Lehengo urtearen amaieran argitaratu genituen analisiek argi erakutsi zuten COVID-19aren eragina bortitza izan dela merkataritza, ostalaritza eta garraio sektorean adibidez. Horiez gain, ordea, badira horrenbeste arreta jarri ez zaien baina arrisku handikoak izendatu genituen beste sektore batzuk. Horien artean dago kultur eta sormen industriarena. Gure analisien arabera, krisi aurretiko egoera berreskuratzen azkenetakoa izango da industria hau.
Kulturgintza eta sorkuntzari loturiko jarduerek komunitatea sendotu eta saretzeko, ezberdinen artean elkar-ezagutzeko eta komunikazioaren alde egiten duen lana ukaezina da. Horrekin batera, lurralde bateko pertsonen identitatea indartu eta azkenean ongizatea eskaintzeko jarduera giltzarriak dira. Hortik harago, kultura eta sormen industriak jarduera ekonomiko gisa duten balioa, eta lehiakortasun jasangarri eta inklusiboagoa bultzatzeko duen potentziala azpimarratu nahiko nuke. Ekarpen hori sektoreak ekonomian duen pisu eta paperari buruzko analisiek dakarte argitara.
Orkestrako lankideek egin dituzten ikerketa batean erakusten da sektore honetan dagoela Euskal Autonomia Erkidegoaren enpleguaren %4 inguru. Ikus-entzunezkoak, liburu eta prentsaren sektorea, artea, diseinua edo publizitatea dira, hurrenez hurren, enplegu gehien biltzen duten jarduera adarrak. Juridikoki autonomoak diren eta batez bestez 3-4 pertsonez osatzen diren enpresa txikiak dira gehienak. Kontua da, industria honetan sartzen den enplegua, aldi berean, ekonomiako beste sektore batzuetan ari dela ekarpena egiten. Hau da, kultur eta sormen industriak ekonomiako beste jarduera adar batzuetan ere sortzen du jarduera. Adibidez diseinuan, itzulpengintzan edota publizitatean ari diren profesionalak I+G+I jardueretan enplegatuak daude. Edota musika eta hizkuntzalaritzako profesionalak hezkuntza sektorean ari direla. Edota moda diseinuak edota liburu eta prentsaren sektoreak industria jarduera sortzen duela. Ekonomiako sektore ezberdinen arteko loturak aztertzea, sektore zehatz baten balioari balioa ematea ezinbestekoa da.
Kulturgintzan eta sormenean enplegatutako pertsonek duten ezagutza oso baliagarria izan liteke, adibidez, haur, nerabe edo etxeko helduenekin aldaketa klimatikoari, gizarte arrakalari edota pandemiari loturiko edukiak formatu erakargarrietan landu ahal izateko. Edota orokorrean, eskuartean ditugun erronketan baliabide eta irtenbideak bilatzeko berrikuntza prozesuetan jarduteko. Pandemiak horrenbeste jipoitu duen kultur eta sormenari lotutako ekonomia ezin dugu deskuidatu. Enplegua babesteaz gain, gizarte moduan aurrera egiteko ekarpen handia egin dezake industria honek.