Eta Eitza ala Eitzaga? Ahozkoak eta idatzizkoak, biek osatzen dute hizkuntza baten gorputza; berak hiztunentzat duen balioa eta erabilgarritasuna erakusten dute. Euskarari begiratuta, kontu jakina da motz samarra dugula idatzizko tradizioa, ez oso oparoa; ahozkoaren indarrak ekarri du, batik bat, gure gizartean euskara tresna baliagarria eta, beraz, baliozkoa ere izatea. Ez dira, dena dela, bi osagai horiek bat bestetik guztiz apartekoak, eta bat landu eta aberasteak bestea ere garatzea ekartzen du, baina ez biak nahastu eta bat egiteraino. Nahasketa gertatzea ez da seinale ona, eta uste dut izenburuan ageri diren bitasun horietan gertatzen ari denak euskararen garapenak beharko lukeen oreka galarazi egiten duela.
Esan dut euskarak tradizio idatzi oso oparoa ez duela izan, baina toponimia alorrean gabezia hori ez dagoela ere baieztatuko nuke. Gaztelaniazko testuetan bada ere, leku askotan daude jasota gure bazterrak identifikatzeko erabili diren izenak. Hori edukitzea ere, horratik, ez da nahikoa; paper artean gorde-ezkutatuta dugun altxor hori agerian jarri, landu eta gaurkotu egin behar da, eta hor ere hankamotz samar gabiltzala iruditzen zait.
Idatzizko tradizioan ederki islatuta dauden Ordiziako Oianguren eta Zumarragako Eitzaga-ren parean, ahozko hizkerako ‘Oianguun’ eta ‘Eitzaa’ formak etorri zaizkigu ahoz, beste hitz batzuetan ere gertatu den bezalaxe: ‘suren bat > suun bat’ edota ‘lotsagatik > lotsaatik’, konparazio baterako. Jakin izan dugu noiz erabili forma bat (idatzizkoa) eta noiz bestea (ahozkoa).
Forma trakestuak baztertu
Bide luzea daukagu idatzizkoa landu eta aberasten oraindik. Edozein moduz, pauso seguru samar batzuk ere ematen ari gara (euskara batu edo estandarraz ari naiz). Baina goiko erakundeen eskutik aske, geure kasa, zerbait sortu eta aurrera eraman behar dugunean, nahikoa lan.
Ahozkoan bete-beteko zentzua duten ‘Eitzaa’ eta ‘Oianguun’ idatzizkoan ikusten ditut nik barra-barra sartuta eta ez bere horretan (gaitzerdi hala balitz!), fonetika aldetik (doinuan, azentuan) aldrebestu eta ‘Eitza’ eta ‘Oiangu’ bihurtuta baino. Udalek eurek egindako mapa toponimikoetan idatzizko formak behar bezala jasota edukiagatik, udal horiexen idatzietan berez ahozkorako aproposak diren forma (trakestu) horiek nabarmentzen dira.
Horrenbestez, ahozkoa pobretzen ari zaigun honetan, hori idatzizkoa ere kutsatzen ari zaigu eta ez gara gauza bien arteko orekari eusteko. Txarra izango da konparazioak egiten ibiltzea, baina zer pentsatuko genuke andaluziar peto batek Sevilla ez, baina, ‘Zeviya’ idatziko balu?
Eta izenburukoak bezala, bada makina bat gehiago aipatzeko modukoa. Herriz herriko mapetan ikusi ditut txukun-txukun idatzita Aginaga (Zumarragako auzoa), Aizpieta (Zeraingo meategia), Iraegi (Ormaiztegiko industrialde berria), Atxurbide (Ataun eta Idiazabal arteko mendia), baina gero eguneroko idatzietan ‘Agiña’, ‘Aizpitta’, ‘Irai’ eta ‘Atxurbi’ bihurtuta. Gure hizkuntza landu eta baliagarriagoa bihurtu nahi badugu, ez dut uste horrelakoak oinarri sendoegia direnik.
Eta hori bideratzea behintzat gure esku dago. Zeuri, irakurle, botako dizut orain pilota. Erabaki zer nahi duzun zure herriarentzat: ‘Altzaa’, ‘Itxasondo’, ‘Zaldibi’, ‘Olaberri’, ‘Lazkau’, ‘Izal’, ‘Ormaizti’, ‘Zeama’, ‘Gabiri’, ‘Zumarra’, ‘Leazpi’…