Jonmikel Intsausti • Urretxu-Zumarraga
Lagun-taldeko Jesusmarirekin hasi nintzen mendira igotzen, hogei urte inguru nituela. Igandero goizeko 08:00etan, artilezko galtzerdi pare biren gainean anaiak Leonen erabilitako bota militarrak jantzi –besterik ez nuen orduan– eta Piedad kaleko Iturri-berritik ateraz Izazpiranzko bidea egiten genuen elkarrekin. Bagenuen beti solastatzeko gaia. Aitortzen dut berarekin egin nintzela mendizale, eta Izazpigaina dela Goierri eta Euskal Herriko tontor guztietarik gehien maite dudana (une honetan kezka besterik ez daukat barnean, kolokan baitago gure mendien etorkizuna). Jaistean ez zen inoiz faltan Antiopeko Elizalde tabernan egindako geldialdia: salda eta txorizo-pintxoarekin berreskuratzen genuen goranzkoan gastatutakoa.
Handik lau bat urtera kuadrillako beste lagun batek, Imanolek, Ostadar Mendi Taldearen irteera batean parte hartzera animatu ninduen (bera dagoeneko bertan ibilia zen). Oraindik gogoan daukat 1991ko urtarrileko irteera hura, goiz hotz eta lainotsu hartan Allekoko pagadi ederretik eta Puttarriko gain estutik igaro ginenekoa. Txango gehiago etorriko ziren gero. Urte amaieran, Imanolekin batera, mendi taldearen zuzendaritzan laguntzea erabaki nuen. Gaur artean.
Ostadar Mendi Taldean lagundu izanak, herritar, mendizale eta pertsona gisa asko aberastu nau. Alde batetik elkarlanean mendi-talde baten kudeaketa nolakoa den ikasi dut eta jende jator ugari ezagutu dut bidezidorrean. Ibilaldietan ia Euskal Herri osoko bazterrak ezagutu ditut. Eguzki zein lainopean, elur, harri, orbel, belar eta lokatz gainean ibili gara milaka paisaia eder ikusiz eta igandez igande, ostadarraren mila koloreak iragazi ditut begi-ninietatik. Bestalde, egindako txangoek, superazio prozesuan ene burua hobeto ezagutzeko aukera eman didate, amaigabe egiten zitzaizkidan aldapa gogor horiek ekinez gainditu ditudalarik.
Lepoz lepo, tontorrik tontor, kilometro andana egin bitartean lagun onak izan ditut aldamenean, hizketarako, baita elkarri laguntzeko ere: noizbait makalaldiren bat pasatakoa naiz eta berriz mila esker orduan eskua emateagatik. Azkenik, elkartean ni baino zaharrago zirenengandik asko ikasi dut, eta zorionekoa ni, eurengandik ikasitakoa bizitzan baliagarria zaidalako.
35 urte pasa dira bai, mendiko botak jantzi eta lokarriak sendo lotzean oraindik sentitzen dudan zirrara ezin dut lerrootan deskribatu.