Arnasbideetako gaitzei aurre egiteko erabiltzen da gehienbat, baita azaleko zauriak sendatzeko ere.
- Izen herrikoia: Malba.
- Izen zientifikoa: Malva sylvestris L. (Malvaceae)
- Ezaugarriak: Landare hau 80-100 zentimetro luze izatera irits daiteke. Hostoak zurtoinera lotzen zaizkio peziolo luzeen bidez. Hosto horzdun berde ilunak ditu, eta bost petalodun lore lilak, 2 eta 6 zentimetro arteko diametrokoak. Lehortzerakoan loreak urdin kolorekoak bihurtzen dira.
Malba udaberrian hasten da loratzen, eta uda erdialdera arte iraun dezake loraldiak. Loreak gauez eta egun euritsuetan itxi egiten dira polena babesteko. Polinizaziorik ohikoena intsektu bidezkoa da, baina autopolinizatu ere egin daitezke.
Zelai, bide, sastraka, mendi magal malkartsu, baratze, baserri inguru eta halakoetan aurki dezakegu. Europan du jatorria sendabelar honek, eta Asia mendebaldean eta Afrika iparraldean ere tokia egin du. Amerikara ere iritsia, landare inbaditzailetzat dute han. - Atal erabilgarriak: Hostoak eta loreak erabiltzen dira, eta loreak erabat loratu direnean bildu behar dira.
- Propietateak eta erabilpenak: Propietate espektoratzaileak, analgesikoak eta hanturaren aurkakoak ditu malbak. A bitamina du,eta muki-mintzen, azalaren, ilearen eta azkazalen formazioan laguntzen du. Begien osasunerako ere onuragarria da.
Arnasbideko gaixotasunerako erabiltzen da gehienbat: katarroak, bronkitisa, gripea…, baita aho-faringeko inflamazioetarako, eztul lehor eta narritagarrirako. Infusio, jarabe edo lurrun moduan har daiteke. Hogei gramo hosto eta lore egosi ur litro batean.
Beste erabilpen ezagun batzuk ere baditu: konjuntibitisa, zauriak, furunkuluak, intsektuen ziztadak… Efektu zikatrizante eta antiseptikorako kataplasma moduan erabili behar da, edo infusioarekin garbituz. - Kontraindikazioak: Ez du kontraindikaziorik, nahi adina erabil daiteke.