Joxe Begiristain • Euskara teknikaria
Iñigo Martinez Peña filosofoaren liburu berria da Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen izeneko saiakera. Mamiaren nondik norakoaz izenburuak berak arrastoan jar gaitzake. Argibide gehiago, hitzostean, bizi dugun garaia izendatzeko beste batzuk diotenaz jasotzen duen aipuaz: «Errentagarritasunaren garaia, espektakuluaren jendartea, irudien mundua, abiaduraren aroa, jendarte teknologikoa, arriskuaren jendartea, garai likidoa edo Big Dataren aroa».
Liburuan zehar 19 mandamentu zerrendatu eta horietako bakoitzaz egiten dituen gogoetek harrapatu naute: zeinen ondo lortzen duen begi-bistan jartzea, jabetu ere egin gabe gailendu zaizkigun aginduak. 19 horietako batzuk dira, adibidez, «Ez ezazu galdu denborarik!», «Izan zaitez zu zeu!» edo «Zoriontsua izan zaitez!». Eta, ordea, hausnartuko du egileak denbora galtzea pekatua dirudien honetan jarrera horrek eragindako estresaz, izan zaitez zeu horren ezinezkotasunaz (gu harremanen fruitua garela dio) edota zoriontasuna (edo maitasuna) neurgarria al den galdetuz.
Horiek eta egunero-egunero gutako bakoitzak bizi duen egoeraren azterketa sakona da liburu osoa. Honelako kontzeptuak ditu hizpide aipatutako zerrenda horretako gaien jorraketan, betiere hiper hitzaren makulu paregabeaz baliatuz: gehiegikeriaren menpe gaude; gero eta gehiago erosi, bidaiatu… behar dugu; gaztetasun eternoa bilatu (zahartzaroa patologizatuz), indibidualismoaren kultura (kezka politikoak alde batera utzi)… Azkenik, idazleari elkarrizketa baten irakurri nizkion hitzok: «Galderentzako tarte bat hartu behar dugu; filosofiak eramaten gaitu gure ezjakintasuna onartzera, eta horrek ekartzen du apaltasuna».