Aurreko asteburuan hasita eta maiatzera bitartean, festa giroa izango da Legazpiko Gaztetxean, horren 25. urteurrenaren harira. Gazte asanbladak ekitaldi ugari antolatu ditu ospakizunerako, etorkizunean begia jarrita.
Legazpiko Gaztetxeak 25 urte beteko ditu herriko hiltegi zaharrean, Matadero-an. Aurtengo apirilaren 23a da egun seinalatua, baina Legazpiko Gazte Asanbladak (LGA) urteko lehen bost hilabetetara zabaldu du ospakizuna. Musika, hitzaldiak eta era askotako ikuskizunak zein emanaldiak izango dira urteurrenaren ardatza, eta helburua, ospakizunetik eta festatik harago, herriko jende gaztea erakartzea, antolatu dadin eta ekin dezan.
Gaurko LGA 18 eta 25 urte bitarteko 20-25 gaztez osatuta dago, eta talde irekia eta dinamikoa da. Duela hiru-bat urte berritu zuten osaketa, aurretik zetorren «geldialdi egoerari» aurre eginez. Hala gogoratu dute asanbladako kide diren Martin Toquerok, Mikel Aldamak eta Markel Diazek: «Jende gutxi zebilen, gazteenek beldurrez ikusten zuten gaztetxea, ez zegoen mugimendurik, ez zen ia ezer antolatzen…». Baina talde bat elkartu eta lanean hasi zen, gaztetxeari «norabide eta itxura aldaketa» eman nahian, eta orduan zeudenak baino belaunaldi gazteagoak erakartzeko asmoz. Gaztetxea zer izan behar zen zehaztu zuten lehenik, eta taberna eta kontzertuak emateko toki bat baino zerbait gehiago izan behar zuela adostu zuten. Elkartasun bat lortu zuten, hasteko, eta gaztetxea eta LGA «jende desberdinen topagunea, antolatzeko espazioa eta aisialdia sustatzeko gunea» bihurtzeko lanean hasi ziren ondoren. Asanblada hainbat taldetan banatu zuten, eta hala egiten dute lan gaur egun, barruko funtzionamenduaz arduratuta alde batetik, eta kanpora begira, bestetik.
Barrukoari eta kanpokoari begira
Barrukoari begira, kontzertuak antolatzen jarraitzen dute LGAkoek, eta pintxo-potea bezalako ekimenak jarri dituzte abian, barrako martxa pizteko. Kanpora begira, Zine Kluba, Hotz Legazpi eta beste elkarte batzuekin lanean dihardute, eta gizarte mailan gazteei ardura eragiten dieten gaietan inplikatzen dira: berdintasuna, indarkeria matxista, etxebizitzen desjabetzeak, Saharako errefuxiatuak… Horren guztiaren ondorioz, gaurko gaztetxea «erakargarria da gazteentzat, eta oso giro polita eskaintzen die».
LGA igandero elkartzen da, gaztetxean bertan duten bileretarako lokalean, 17:30ean. Asteko jardunaren balorazioa, barraren martxa eta diru kontuak, garbiketa txandak, ekitaldien antolaketa… gai horiek lantzen dituzte. Azken aldian urteurrenaren antolaketan dabiltza buru-belarri.
Martin Toquero, Mikel Aldama eta Markel Diaz Legazpiko Gazte Asanbladako kideak:
«Jende desberdinen topagunea, antolatzeko espazioa eta aisialdia sustatzeko gunea da Legazpiko Gaztetxea»
«Urteurrenaren egun potentea apirilaren 23a da. Gaztetxetik pasa diren belaunaldi desberdinak elkartu nahi ditugu»
Urtarriletik maiatzera bitarterako ekitaldiak antolatu dituzte. «Gehienak kontzertuak dira», baina hitzaldiak, bertso bazkaria, elektrotxarangen emanaldiak, mural baten margoketa eta abesti baten grabaketa ere izango dira. «Apirilaren 23a izango da egun potenteena, eta egun horretan Gaztetxetik pasa diren belaunaldi desberdinak elkartu nahi ditugu, argazkia ateratzeko. Santikutzetan gure festen hasiera iragartzen duen Kolokoiaren igoera ere egingo dugu». Gaztetxeak 25 urte ditu, «ziur familia bereko bi belaunaldi elkartuko direla kasu batzuetan!».
Kuartelaren okupaziotik
Gaurko Gaztetxeak, Mataderoak, 25 urte ditu, 1997ko apirilaren 28an ireki zituen ateak, Santikutz jaien atarian, baina atzerago egin behar da Legazpiko gazteen bilgune horren sorreraren bila, 1989raino alegia. Ordurako, urteak zeramatzaten gazteak antolatuta eta udalari lokal baten eske, baina itxaroteaz nekatuta, Guardia Zibilak kuartela utzi zuela baliatu eta okupatu egin zuten (gaurko Meazti Etxea); 1989ko urriaren 21a zen. Okupazioak ez zuen luze iraun, baina behin-behineko gaztetxe hura irekita egon zen bitartean, txosna jarri zuten eta kontzertuak egin zituzten. Legazpiko Jo Ta Akatu talde mitikoa izan zen jo zuenetako bat.
Kuartelaren eraikinetik irteteko, gazteek udalaren konpromisoa lortu zuten gaztetxea beste leku batean egokitzeko, eta prozesu luze eta korapilatsu baten ondoren, eta aste batzuk lehenago Legazpiko Gazte Asanblada eratu eta gero, Nafarroa kalean udalak utzitako lokal batean ireki zituen ateak 1991eko maiatzaren 18an, apaizen etxearen ondoan.
Udalak lokal hura 1995eko uztailean itxi zuen, batez ere bizilagunek egindako presio eta salaketengatik. Gaztetxearen hurrengo egoitza hiltegi zaharra izango zen, Mataderoa.
‘Mataderon’, 25 urte
Gaztetxerik gabe geratu zirenean, LGAk ez zuen etsi eta udalaren konpromiso berri bat lortu zuen beste lokal bat egokitzeko. Ordurako, bere zeregina amaituta zuen herriko hiltegi zaharrean egokitu zuten Eskola Tailerrak, eta eraikin hura lortu zuten gaztetxerako, makina bat bilera eta manifestazioren bat edo beste egin eta gero.
Gaztetxea eraikin handia eta independentea da, herri erdi-erdian dago, eta udalaren jabetzakoa izanik, bere gain daude mantenimendua eta zenbait horniduren ordainketa. Alde horretatik, «harreman formala» dutela adierazi dute LGAko gaurko kideek.
Udaletik, hau da, herritik jasotakoa, herriari ere itzuli izan diote gazteek, hainbat eta hainbat jarduera antolatuz: taberna bera, musika emanaldiak, futbol eta pilota txapelketak, San Ignazioko jaiak, Santikutz jaietako egitarau propioa eta txosnagunean partaidetza, Inauteriak, mendi irteerak…
Gaur, COVID-19a dela eta, jarduera asko murriztuta dago, baina gaztetxeak bizi-bizirik mantendu du bere izpiritua, eta etorkizunari itxaropentsu eta gogotsu begiratzen dio.