Euskal burdingintza zaharraren eta industria modernoaren arteko katebegia izan zen Lazkaoko Forjas Albisu lantegia. 1848an sortua zela dio izen bereko enpresak webgunean, eta 2017ra arte jardun zuen. Urbitarte edo Errotatxiki etxean hasi ziren, sutegia eta abereentzat ferratokiarekin. Beste sektore batzuetarantz zabaldu zituzten egitasmoak, ordea: gurdigintza, tresnagintza eta altzairuzko piezagintzara.
San Migel elizaren aldamenean kokatu zuten gero tailerra, eta 1980ko hamarkadan eraitsi zuten, ingurua birrurbanizatu zutenean. Zubizkitzako industrialdera aldatu zuten orduan.
Forja bera Anastasio Albisu Jauregik (Lazkao, 1855-1906) sortu zuen. Ferratzaile hasi zen, eta Urbitarteko sutegia errota bihurtu zuten. Orduan, Errotatxiki modura ezagutzen zuten Lazkaon. 1978an erori zen. Sustraitz eta Agauntza erreken elkartzean zegoen.
Eskola ere izan zen Albisutarren forja. Gero euren kabuz ibilbide profesionala garatuko zuten langile askoren trebakuntza lekua izan zen. Han ikasi zuten burdina lantzen, eta horrekin lotutako beste hainbat teknika ere bai, enpresari izango ziren askok; Ormaiztegiko Lasa eta Irizartarrak, esate baterako.
Burdinolek eta antzinako errotek uraren energia baliatzeko zeukaten eskarmentua ere berebizikoa suertatu zitzaien elektrifikazioa iritsi zenean, XX. mendearen hasieran. Argindarra sortzeko baliabideak zituen sutegiak, eta 1903an Suitzako Vevey herriko lantegi batetik turbina bat erosi zuen Anastasio Albisuk, eta bere sutegian lanean jarri.
1906ko urtarrilaren 1etik aurrera, argindarra eskaini zion Lazkaoko Udalari, bi urterako tratua eta argi-puntu edo lanpara bakoitzeko 1,50 pezeta kobratuta. Herriko alkate ere izan zen Albisu.
Artoaren marka
51 urterekin hil zen Anastasio Albisu. Haren seme zaharrenak, Joxe Mari Albisu Sarasolak (Urbitarte etxea, Lazkao, 1882 – 1955) jarraitu zuen Hijos de Anastasio Albisu forjaren ardurarekin. Hizkuntzak ikastea gogoko zuen; frantsesa menderatzen zuen, eta ingelesa ulertu. Euskara maite zuen, ordea. Seme bat Saturrarango apaizgaitegira zihoanean, «ez ezak euskararik ahaztu» esan zion. Anastasio Albisu Aierdi Sustraitz idazlea izango zen seme hori.
Abertzalea zen, eta 1908an Gipuzkoako EAJ Zumarragako Antion sortu zutenean, Lazkaoko ordezkari izan zen.
Enpresak arto landarea zuen ikurtzat eta Artoa izena markatzat, Patricio Etxeberriaren ezkurraren (Bellota) pareko. Jatorrizko kokagunean, lantegi zaharraren lekuko da, gaur egun, eliza aldamenean dagoen forja makina.